Albistea
· 2017an, EUDELek Zigilua lortzeko hautagai ziren bederatzi udali laguntzeko lehen proiektu pilotua bultzatu zuen Euskadin. Horietako bostek lortu zuten bereizgarria aurtengo martxoan: Basauri, Ermua, Leioa (Bizkaia), Irun eta Urnieta (Gipuzkoa).
· 2018ko bigarren pilotajean parte hartu nahi izan dute Amurriok, Bermeok, Legazpik eta Zamudiok. Hautagai moduan parte hartu ahal izateko, udalek gobernantzako 97 praktika on frogatu behar dituzte autoebaluazioko 97 adierazletan, eta beren emaitzak egiaztatu gobernu taldearekin eta oposizioarekin, bai eta herritarrekin ere, inkesten bidez.
Asteazkenean, <u>abenduaren 19an, 11:30etik aurrera,</u> Imanol Landa EUDELen elkarteburuak eta Alina Tatarenko Europako Kontseiluko ordezkariak Gobernantzaren Bikaintasuneko Europako Zigilua-ELoGE 2018 merezi duten Euskadiko udal berriak zein diren jakinaraziko dute. Tokiko gobernuen kalitate gorena egiaztatzen du Europako Kontseiluko Ezagutza Zentroak (Centre of Expertisse) bultzatutako zigilu honek, eta maila europarreko aitortza gorena da Gobernantza Onean eta Berrikuntza Demokratikoan kalifikazio altua eskuratzen duten udalentzat.
Alina Tatarenkok azaldu duenez, Europako Bikaintasun Labela “ez da azken helburu bat, abiapuntua baizik, pizgarri bat udal kudeaketa efikaz eta efizientean pixkanaka aurrera egiteko. Udalek gobernu onaren arloan eta, horrenbestez, herritarrentzako zerbitzu publikoen kalitatean etengabeko hobekuntzako ekintza planak inplementa ditzaten bilatzen eta sustatzen du ELoGEk”.
Bermeo, Amurrio, Legazpi eta Zamudioko udalek, EUDELek babestuta, hiru hilabete baino gehiago eman dituzte euren talde politiko eta teknikoekin lanean, Euskadin egingo den ELoGE Zigiluaren bigarren ekitaldira aurkeztu ahal izateko. Zigiluaren lehen ekitaldia Donostian egin zen aurtengo martxoaren 20an, eta, hartan, Bizkaiko bost udalek (Basauri, Ermua, Galdakao, Leioa eta Mungia) eta Gipuzkoako lauk (Beasain, Elgoibar, Irun eta Urnieta) parte hartu zuten. Horietako bostek (Basauri, Ermua, Leioa, Irun eta Urnieta) bereizgarria eskuratu zuten. Amurrio ELoGErako hautagai den Arabako lehen udala da.
Euskadiko udalak Europako Zigilua jasotzeko hautagai izateko aurretiazko betebehar gisa, EUDEL Europako Kontseiluak zilegitutako eskualde plataforma gisa akreditatu zen 2017an, Euskadiko udalen hautagaitzak babestu eta koordinatzeko.
Erakundeen arteko lankidetzaren markoan, EUDELek ELoGE Batzorde Betearazlea sortu du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailarekin (EJ-GV) eta Foru Aldundiekin batera. Batzorde hori arduratzen da Bikaintasun Zigiluaren deialdian parte hartzea eskatzen duten udalen proposamenei bermea emateaz.
<u>EUDELek egokitutako europar tresna</u>
Bi proiektu piloturen bidez (2017 eta 2018), Europako Kontseiluaren metodologia estandarra Euskadiko tokiko errealitatearen espezifikotasunera egokitzea lortu du EUDELek. Azken emaitza europar mailan definitutako Gobernantza Oneko eta berrikuntza demokratikoko 12 printzipioei buruzko autoebaluzioko 97 adierazlek osatzen duten tresna da: etika, gardentasuna, parte-hartzea, kontu-ematea, kudeaketa finantzario osasuntsua, efizientzia eta iraunkortasuna, Giza Eskubideak, aniztasuna eta gizarte-kohesioa, besteak beste.
Gehigarri gisa, herritarrei eta ordezkaritza politikoari (gobernuko zein oposizioko zinegotziak) inkestak egiten zaizkie emaitzak egiaztatzeko, eta, horrela, erantzunetan egon daitezkeen desberdintasunei aurre egiteko behar diren neurriak hartzeko.
<u>Euskadiko udalak Gobernantzaren abangoardian, Europan</u>
Europako Kontseiluaren Zigilua emateko irizpideak 2010ean probatu ziren lehen aldiz, Europako berrogei bat lurralde erakundetan (Bulgaria, Norvegia, Ukraina, Belgika, Espainia eta Frantzia).
2018ko martxoan, Basauri, Ermua, Irun, Leioa eta Urnietako udalak ELoGE bereizgarria daukaten Europako 200 udalen zerrenda esklusiboan sartu ziren.
©European Label for Governance’ Excelence: www.coe.int/good-governance
010 (94 617 91 00)