Albisteak

Albistea

Bermeoko Udal Gobernua: Gardentasuna eta gertutasuna eredu

• Bermeoko Udalaren helburua da Bermeo bizia, jasangarria, eraldatzailea eta gertukoa lortzea.
• Bermeoko Udalak 30.434.760,12 euroko aurrekontua dauka 2024.urterako


Herritarrengandik hurbil egotea da Bermeoko Udalaren helburuetako bat, gardentasunean oinarrituta. Modu horretara, datozen urteetarako daukaten agintaldi plana eta lan ildoak aurkeztu dituzte Nestor Basterretxea aretoan. Era berean, 2024rako aurrekontuaren berri eman dute. Udal Gobernu Taldeko kide guztiek parte hartu dute agerraldian, eta bakoitzak bere sailaren nondik norakoak azaldu ditu.

Nadia Nemeh Shomaly alkateak lau urterako hartu duen konpromisoa berretsi du. “Konpromiso eta erantzukizun handiagaz, herrian ditugun beharrizan zein egoera desberdinei erantzuteko prest nago. Gertutasuna eredu izanda, datozen urteetarako herriaren garapenerako onetsi dugun agintaldi planari ekingo diogu”, aipatu du alkateak.

Agintaldi planaren bost ardatz estrategikoak hurrengoak dira:
1. Danontzako Bermeo: Pertsonek eta pertsonentzat egindako Bermeo, inor atzean uzten ez duena.
2. Bermeo Bizia: Sormenari, kulturari, kirolari, gazteei…begirako Bermeo.
3. Bermeo Jasangarria: Eraldaketa urbanistikoa eta auzoen garapena lortu gura duen Bermeo.
4. Bermeo eraldatzailea: Eraldaketa ekonomikoari ekiteko prest dagoen Bermeo.
5. Bermeo Gertua: Herria beti gertutik eginez, gertatutasuna eredu izanik.

Aurrekontu sozialak, feministak, herrikoiak eta euskaldunak.

2024rako onartu duten aurrekontuagaz jarraitu du Bermeoko alkateak, 30.434.760,12 eurokoa dela aipatuz, inoizko handiena. “Aurrekontu sozialak, feministak, herrikoiak eta euskaldunak dira”, esan du.
Hirigintza eta Ingurumen sailerako aurtengo aurrekontua 3.730.559 eurokoa da. Zigor Uriondo Arrue zinegotzi arduradunak hurrengo bi urteetarako proiektu nagusiak azaldu ditu. Next Generation proiektuaren berri eman du, eta, gainera, gune degradatuen birgaitze lanak eta etxebizitza turistikoak erregulatzeko eman beharreko pausuak azaldu ditu. Ingurumen arloan, berehala komunitate energetikoa sortzeko irekiko den prozesua ere azaldu du.
Iker Bilbao San Nicolas da Euskara eta Hezkuntza saileko arduraduna, eta 190.983 euroko aurrekontua dauka sailak 2024an. “Kale erabileraren azken datuak (2021) kontuan izanik, Euskara Sailaren baliabide gehienak ume eta gazteen aisialdian jarriko dira. Begirale eta entrenatzaileak euskararen erreferente izatea nahi dugu. Bestalde, Bertsozale Elkarteagaz ikasleei bertso eskolak eskainiko zaizkie”, azaldu du.

Bermeoko Udalak, gainera, Itsuki Irratia berpiztu gura du, baina Herri Irrati bat moduan, edonork bere saioa izateko aukeragaz.

Hezkuntza arloan, maila ertaineko Lanbide Heziketako arlo berriak erakarri nahi dituzte, herriko gazteek, herrian bertan ikasi ahal dezaten.

Bertoko enpresekin konpromisoa
Garapen ekonomikoa eta gazteria sailetako arduradun Maite Caruezo Ugaldek dio gazterian “erronka handia” dagoela. “Aurten datozen urteetarako Gaztelekuko programa berri bat sortzeko lan egingo dugu, eta ekintza eta tailer desberdinak antolatuko ditugu.  Adin nagusiko gazteentzako ere baditugu gai desberdinei buruzko informazio bilerak egitea aurreikusita”, aipatu du Caruezok.
Garapen ekonomiko sailetik, berriz, udalak ardura berriak hartu ditu: “Bertoko enpresekin konpromisoa indartu gura dugu. Enpresei laguntzeaz gain, Behargintza lehengo eginkizunetara bueltatzea gura dugu, bermeotarrantzako arreta pertsonalagaz. Azoka ere berpiztu gura dugu”.


Turismo alorrean, bi kezka ditu Bermeoko Udalak: Turismo jasangarria batetik, eta, bestetik, autokarabanen gunearen kudeaketa.

2024ko aurrekontuetan kultura arloan apustu bat egin dutela esan du Endika Etxebarria Telleria zinegotzi arduradunak;  356.000 euroko aurrekontua dago. “Herriko taldeen dirulaguntzak igo ditugu eta Kultura Kontseilua sortzea da erronka garrantzitsuenetako bat”, adierazi du Etxebarriak.

Gizarte Ongizate Sailak 1.416.294,58 euroko aurrekontua dauka. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak indartzeko asmoz, psikologoaren lanaldia igoko dela esan du Etxebarriak: “Bermeo bezalako herriak, gizarte zerbitzu indartsuak merezi ditu. Adin txikikoeei begira, ongizatea lortzeko prebentzio sare baten proiektuak landuko ditugu”.

Langileria eta prebentzio sailetako zinegotzi arduraduna ere bada Etxebarria. “Sail independenteak badira ere, eskutik oratuta doazen arloak dira. Udal Gobernu honek, langileen beharrizanean eta ongizatean sinesten du, hori da herritarrek merezi duten zerbitzu eraginkorrenak emateko modua. Proiektuen artean daude: Informatikako teknikariaren eta Herri Lanetako langileen dotazio igoerak. XXI. mendeko udal baten bila, langileen polibalentzia sustatzera goaz, eta beharrizanen arabera gure lan taldearen malgutasuna bilatzera”.

Berdintasun Politikak indartuz
Berdintasun Politikak indartzeko “gogotsu” lanean hasi direla esan du Arantza Ormaza Tarantino, Berdintasun Saileko zinegotziak, eta lehenengo pausoa aurrekontua indartzea izan da. “Aurtengo aurrekontua %45 igo da, 37.000 eurotik 54.000 eurora. Berdintasun Politikak indartuz, herriaren osasuna hobetuko dela uste dugu, eta lehenengo pausoak eman ditugu: Herritarrentzako zerbitzuak indartu eta osatzen gabiltza, teknikaria %100ean jartzea izan zen lehenengo pausua. Orain herritarrentzako aholkularitza juridikoa eskainiko dugu. Gainera, aholkularitza psikologikoa eskaintzen duen Bizkaiko Foru Aldundiaren ESNATU zerbitzua herrira ekartzea lortu dugu”, adierazi du Ormazak. Beste alde batetik, herritar berdinzaleak lortzeko asmoz, ikastaro, hitzaldi eta tailer desberdinak antolatuko dira urtean zehar.


Kontseilu Feminista berriro martxan jartzeko asmoa ere badago: “Herri feminista, herri berdinzalea, kontzientziaturiko herria eta herri segurua izatea lortu behar dugu”.
Miren Gabantxo Uriagereka zinegotziaren sailetik, burokrazia sistema errazteko lanak egingo dituzte, izan ere, lehentasuna da informazio erraza, berbeta erraza eta prozesu administratibo ulergarriak egitea. Bermeoko Udalaren webgunea ere berrituko da, oraingoak 20 urte dituelako, eta “zaharkituta” geratu delako. “Webgune moderno bat landuko dugu”, adierazi du Gabantxok. Udan Bermeoko Udalean gertatutako intrusio informatikoa ekarri du gogora: “ Udalaren sistema guztiz blokeatuta egon da. Zibersegurtasunean inbertitzea erabaki behar izan dugu, inbertsioa da”. Udaleko antolakuntzako dagoen aurrekontua 500.000 eurokoa da.


Zerbitzu sailerako diru gehiago
Zerbitzuetako zinegotzi arduradunak, Xabier Ortuzar Butronek esan du sail horretako aurrekontua igo dela, 2024rako 3.312.228,53 euro daude. Eraikinetako, asfaltoetarako eta umeen jolastokietarako mantenurako diru-sailak igo dituzte . “Zerbitzuen mantenu falta handia ikusten dute herritarrek”, adierazi du Ortuzarrek.
Kirol sailerako aurrekontuak ere gora egin duela esan du Ortuzarrek. 2024an, 807.351,54 euro daude ekintza desberdinetarako: kirol jarduerak, makinaria, garbitasun lanak, frontoiko markagailua eta sarea , igerilekua handitzeko proiektua, gela egonkorrak, mantenuak kiroldegian…
Auzo taxia berreskuratzeko asmoa dauka Bermeoko Udalak, eta lurgintzako aurrekontuan ere gorakada egon dela adierazi du Ortuzarrek; 117.800 euroko aurrekontua dago.
Bitor Uriarte Anasagasti zinegotziak esan du, bere sailetik artxiboa digitalizatzeko lanei ekingo dietela. Era berean, Kultura eta herriko sortzaileen lanak publikatzearen alde egingo da. Gainera, gurpildun aulkietakoekin ibilbide bat egiteko asmoa dago, herrian dauden akats urbanistikoen bila. Baserriei dagokienez, besteren artean, udalak horien zenbakiak egokitu gura ditu, eta mapa bat argitaratu.

12 / 01 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0