Albisteak

Albistea

1.500 ume inguru batuko dira ekainaren 21ean, martitzenean, ikasturte amaierako jaian

1.500 ume eta gazte inguru elkartuko dira datorren martitzenean, ekainaren 21ean, Bermeon ikasturte amaierako jaian. Herriko ikastetxe guztietako 3 urtetik 12 urte bitarteko haurrek ez dute aspertzeko astirik izango, hainbat baitira eurentzat antolatu diren ekimenak: pailazoak, dantzaldia, umeentzako parkea, kale ikuskizunak eta diskofesta, besteak beste.

Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, azaldu duenez, festa honekin, ikastetxe guztietako umeak “ekintza batean elkartu nahi dira egun zoragarri bat igarotzeko”. 

Haurrek adinaren arabera parte hartuko dute antolatutako ekintzetan. Horrela, haur hezkuntzako bost urtetik gorako umeentzat Tomax pailazoak ‘Festara’ bere abenturaren ikuskizuna eskainiko du goizeko 10:30ean Sagrado Corazón ikastetxean. 

LHko 1 eta 2.mailetako haurrek ‘Kantu-kolore’ dantzaldiarekin gozatuko dute, Bermeoko Kafe Antzokian goizeko 10:30ean. Bestalde, LHko 3. eta 4.mailetako neska-mutilentzat goizeko 10:00etatik aurrera umeentzako parkea egongo da Lameran, eta bertan rokodromoa, txirristak, pista amerikarra, eta ohe elastikoak egongo dira, besteak beste. 

LHko 5. eta 6.mailetako gazteek Malas Compañías-en eskutik, ‘Txatarra’ kale ikuskizunarekin ondo pasatzeko aukera izango dute goizeko 10:45ean San Frantzisko Herri ikastetxean. 

Ondoren, hainbat mailatako ikasleak batuko dira 12:00etan Goiko Plazan Jaikide & DJ Andoni diskofestako abesti eta dantzekin gozatzeko. Baina jaia ez da goizean amaituko. Izan ere, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara umeentzako parkea egongo da Lameran. 

Bermeoko Udaleko Kultura Sailak egun “polita” izango dela nabarmendu du eta nagusi, ume eta gaztetxoak jai honetan mahoiez jantzita parte hartzera animatu ditu.

 

 

15 / 06 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0