Albistea
-Gela bigarren solairuan abiaraziko da eta ordutegia 10:00etatik 13:15era eta 16:00etatik 20:15era izango da
-Udaletxeko birgaitze lanak bukatzen direnean, ikasketa gela hori modu iraunkorrean abiaraztea da gobernu-taldearen helburua, erabiltzaileei guztizko zerbitzua eskainiz, astelehenetik larunbatera, goizez zein arratsaldez
Bermeon, 2023ko urtarrilaren 13an.- Ikasteko beste gune bat eskatzen zuten auzotarren eskakizunei erantzuna emanez, Bermeoko Udalak larunbatetan ikasketa-gela bat abiaraztea erabaki du Kultura etxeko bigarren solairuan, liburutegian eskaintzen den zerbitzua indartzeko xedez. Ordutegia 10: 00etatik 13:15era eta 16:00etatik 20:15era izango da.
Bermeon liburutegia astelehenetik ostiralera (goizez eta arratsaldez) eta larunbat goizetan dago zabalik, baina Udalak zerbitzu hori indartzea erabaki du eta larunbatetan, goizez zein arratsaldez, ikasteko edota lan egiteko beste leku bat jarri du erabiltzaileen eskura.
Gauzak horrela, “herritarren eskaerei erantzuna emanez, Kultura etxean gune berri hau abiarazi dugu bermeotarrek larunbatetan ere leku lasai batean ikasi edota lan egin dezaten. Aretoak erabiltzaileei kontzentrazio berezia eta banakako lana behar duten prestakuntza-jarduerak egiteko leku bat bermatuko die” adierazi du Alazne Zumeta Kultura zinegotziak.
Zentzu horretan, aipatzekoa da, Udaletxeko birgaitze lanak bukatzen direnean eta egun Kultura etxean dauden bulegoak bertara lekualdatzen direnean, gobernu-taldearen helburua ikasketa gela hori modu iraunkorrean abiaraztea da, erabiltzaileei guztizko zerbitzua eskainiz, astelehenetik larunbatera, goizez zein arratsaldez.
010 (94 617 91 00)