Albistea
Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkartean batzen diren Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Morga, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera antolatzen duten Busturialdeko VIII. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. ‘Urgain’ enpresa ideiak lortu du lehenengo saria, 3.000 eurokoa eta ‘Melodeep’ izenekoak bigarrena, 2.000 eurokoa.
Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren esparruan, iraunkortasunaren ikuspegitik turismoaren garapena sustatzera bideratutako enpresa-ideia onena ‘Harri Artean Abentura Parkea’ ideiak eraman du. Azken honek 1.000 euroko saria lortu du.
Busturialdeko VIII. Enpresa Ideia lehiaketaren sari banaketa ekitaldia burutu da gaur arratsaldean Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian eta zuzenean eman da streaming bidez. Urgain enpresak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta Melodeep izenekoak 2.000 euroko bigarren saria. Enpresa ideia bi hauen sustatzaileek, gainera, Arratzuko Elkartegiko langune bat doan erabiltzeko aukera ere izango dute urte batez euren ideia aurrera eramateko. Halaber, Torrealday Aholkularitza empresa gernikarrak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa.
Harri Artean Abentura Parkea ideiarentzat izan da Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren esparruan, iraunkortasunaren ikuspegitik turismoaren garapena sustatzera bideratutako enpresa-ideiarik onena. Sari berezi honek 1.000 euroko saria eraman du.
Guztira, 19 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak.
Busturian dagoen Urgain enpresa irabazlea Busturialdean aitzindaria da, eta segurtasun eta berrikuntza zerbitzuen sektorera bideratuta dago, droneak erabiliz.
Ideia hobby batetik sortu zen, eta pixkanaka ezagutza eta aplikazio gehiago lortu dira, enpresa-proiektu bideragarri bat sor daitekeela ikusiz.
Jarduera ekonomikoa hainbat irudi lortzean eta tratatzean oinarritzen da, eta horietan oinarrituta hainbat proiektu egin daitezke. Ildo horretan, enpresak eskaintzen dituen zerbitzuak askotarikoak dira, eta honako sektore hauetan aplikatzen dira: ingurumenaren zaintza eta kontrola, nekazaritza eta basozaintza, biodibertsitatea, azpiegituren azterketa, fotometria, larrialdia eta babesa eta aireko argazkia eta ikus-entzunezko filmazioa. Bai administrazio publikoan eta enpresa pribatuan, bai pertsona indibidualetan.
Borja Txertudik (Busturia, 1993) eta Ander Etxaniz (Busturia, 1992) geologoak adierazi dutenez, "enpresak droneen erabileran oinarritutako zerbitzu soil bat sal dezake askotariko irudi zehatzak lortzeko edo materialak edo fumigazioak garraiatzeko, besteak beste. Edo balio erantsiko produktu bat, hainbat sektoretarako tratatutako irudiak aztertu eta interpretatzean”.
Bigarren saria, Melodeep, Paul Larrozea (Bermeo, 1992) bermeotar gaztearen eskutik iritsi da. "Melodeep marka musika elektronikoaren zatirik ederrena erakusteko sortu zen, pintura, ikus-entzunezko ekoizpenak, dantza edo inspirazio iturri izan daitekeen beste edozein arte adierazpenekin nahastuta", adierazi du.
Diseinuan eta Produktuaren Garapenean Masterra duen industria-ingeniari gazte honek, gaur egun DJ gisa eta ekitaldien sustatzaile eta antolatzaile gisa diharduenak, proposatzen duena da bertako artistak (DJ, musikariak, margolariak, dantzariak, aktoreak) bilduko dituzten pop-up ekitaldi batzuk sortzea, beste jarduera batzuez inguratuta, hala nola, Euskal Herrian egiten diren azoken tankerako tokiko produktuen tailer eta postuez. "Horrela, gauez irtetearen kontzeptuari eguneko alternatiba bat proposatuko litzaioke, jendea adierazpen artistikoen bidez inspiratzeko eta jasangarritasunarekin eta berrikuntzarekin konpromisoa duten tokiko ekoizleei ikusgarritasuna emateko", adierazi du.
Aurten, bi sari horiez gain, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren esparruan, iraunkortasunaren ikuspegitik turismoaren garapena sustatzera bideratutako enpresa-ideiarik onena saritu da, izan ere, Urdaibai Euskadiko lehen turismo-helmuga jasangarria izendatu dute joan den udan. Harri Artean Abentura Parkea izan da ideia irabazlea.
Jarduera ekonomikoa Ereñon dagoen abentura anitzeko parke baten ustiapenean oinarritzen da. Parke horretan, lursailaren zati bat baliatuko dute autokarabanentzako aparkaleku ekologiko bat sortzeko, turismo jasangarrirako espazio bat eskainiz.
Zerbitzua parke barruan eskainiko diren jarduera batzuk izango dira, natura eta ingurumena ahalik eta gehien errespetatzen saiatuz. Jarduera guztiak zuhaitzekin eta arrokekin lotuta egongo dira, adibidez: harkaitzetako labirinto natural bat, eskalatzeko gunea, bulderra eta speed climbinga; burdinbide bat, slackline, tirolinak, skate pista bat, aisialdirako eta jolaserako gune bat…
Aser Cid Foruria (Gernika-Lumo, 1999) sustatzaileak azaldu duenez, "parkeaz gain, autokarabanak aparkatzeko zona bat sortuko da, eremu horretan eskaera handia dagoelako eta gaur egun aparkatzeko eta gaua igarotzeko espazio egokiturik ez dutelako".
Guztira, 6.000 euro banatu dira negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko. Gainera, bi ideia irabazleak Arratzuko Elkartegiko langune bat doan erabiltzeko aukera ere izango dute urte batez euren ideia aurrera eramateko. Halaber, Torrealday Aholkularitza empresa gernikarrak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa.
Sari banaketa ekitaldia era presentzialean burutu da baina zuzenean eman da www.gaztedibusturialdea.eus webgunearen bitartez. Besteak beste, Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiaren Kabinetea Koordinatzeko zuzendari nagusiak, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, Alazne Zumeta Bermeoko Udaleko Gazteria zinegotziak eta Ager Lejarreta Busturialdeko Landa Garapenerako Elkarteko lehendakari eta Ereñoko Udaleko alkateordeak banatu dituzte sariak.
Busturialdeko VIII. Enpresa Ideia lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek jarri dute martxan zortzigarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.
Epaimahaia honako hauek osatu dute: Nerea Mintegi, Bermeoko Udaleko ordezkaria eta Bermeoaldeko Behargintzako zuzendaria; Joseba Irazabal, Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria eta Lanbide Ekimenak-eko autoenpleguko eta enpresako teknikaria; Joseba Mallea, Mendatako alkatea eta Busturialdeko Landa Garapenerako Urremendi Elkarteko gazteen ordezkaria; Leire Zaballa, Bizkaiko haziko ekintzailetzako teknikaria; Begoña Andrés, Barrutialde institutuko zuzendaria; Borja Lastra, Bizkaiko Foru Aldundiko Eskualde Garapeneko Zerbitzuko teknikaria eta Unai Gorroño, Egoin SAko Merkataritza eta Marketineko zuzendaria.
Besteak beste, proposamenen izaera berritzailea, ematen duen balio erantsia eta originaltasuna, enplegua sortzeko potentzialtasuna eta haren kalitatea, edo proiektua eskualdean garatzeko gaitasuna baloratu dute.
010 (94 617 91 00)