Albisteak

Albistea

Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko boluntario jardunaldia uztailaren 4an, zapatuan

Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko boluntario jardunaldia izango da uztailaren 4an, zapatuan, Lurgaia Fundazioak eta Bermeoko Udalak antolatuta.  

Jardueraren helburua honakoa da: kala horretara itsasoak ekarritako hondakin guztiak kentzea. Hala nola, botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak. Ekimen honekin euskal kostan hain berezia den Gaztelugatxeren ingurumen-balioa eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu nahi da. Bertan, pertsona guztiek parte har dezakete, kontutan edukita kala harritsu bat dela. 

Geralekua Gaztelugatxe ondoan dagoen Eneperi jatetxearen aparkalekuan izango da, goizeko 9:30etan. Horrela, itsasbehera aprobetxatuko da garbiketa lanak egiteko. Lehendabizi antolatzaileek itsasoaren kutsadurari buruz hitz egingo dute eta garbiketa lanak zelan egin azaldu dute. Ondoren, lekura oinez jaitsi, eskularruak eta poltsak banatu eta boluntarioek taldetan antolatuko dira.  

Kalaren zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotako hondakinak eskuz esku osatutako giza katearen bitartez aterako dira haitzetatik errepidera, ondoren, hondakinen edukiontzi batera eramateko. Hemendik, Bermeoko udalak hondakin geldoen zabortegi batera eramango ditu. Garbiketa lanetan parte hartzen duten pertsona guztiei ura eta jana banatuko zaie. 

Antolatzaileek gomendatzen dute eramatea arropa eta oinetako erosoak (labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak), ordezko arropa, txanoa, eguzkitako gafak, krema eta edateko likidoa. Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea uztailaren 3ko, ostiraleko, 18:00ak baino lehen info@lurgaia.org helbidean, materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua. Apuntatzerakoan izen-abizenak, adina eta kontakturako telefono bat eman behar dira. Ostean konfirmazio erantzuna emango da.  

Bermeoko Udalaren Ingurumen Sailak azaldu duenez, kostaldean itsasoak ekarritako hondakin eta zabor kopuru handia pilatzen da. “Batetik, jatorri naturala duten hondakinak daude (enborrak..), eta bestetik, gehienak, gizakiak sortutakoak, bai itsasoan bertan (nabigazioak, isurketak..) eta baita lehorrean”. “Egun, itsas hondakin horiek kezka handia sortu dute mundu mailan, itsas ekosistemak eta paisaia bera ere asko kaltetzen dituztelako”, azaldu du.  

Horrela, hainbat izan dira kostaldea garbitzeko egindako boluntario jarduerak bai Gaztelugatxen eta bai beste leku batzuetan ere, esate baterako Arriboletan. “Ekimen hauek oso garrantzitsuak dira gure ingurumena zaintzeko eta herritarrak horren garrantziaz sentsibilizatzeko”, esan du. 

Informazio gehiagorako:

lurgaia.blogspot.com.es

https://www.facebook.com/lurgaia

 

 

26 / 06 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0