Albistea
Bermeoko Udalak Mataderozarra lokala berritu du, eta herritarren eskura jarriko du. Mataderozarra Askatasun Bideko, 23. zenbakian kokatuta dago, Zarragoitxirako sarreran, hain zuzen ere. Urte luzez egoera txarrean egon ondoren, espazio hau erabilera anitzeko gune bihurtu da, herritarren topagune eta hainbat jardueratarako baliabide gisa, Zarragoitxi auzorako baliabide bat berreskuratuz. Ekimen honekin, Udalak beste pauso bat eman du erabilerarik gabe dauden udal-eraikinak herriaren zerbitzura jartzeko bidean.
Lokala berreskuratzeko lanak 2022-2024 Inbertsio Estrategikoen Planaren Hiri Berroneratzeko Proiektuen baitan burutu dira, enplegurako prestakuntza, orientazioa eta laguntza sustatzeko programaren bidez. PIIE (Esku-hartze Estrategiko Integralerako Proiektua) izeneko ekimenaren barruan kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin egin da, Ekonomia, Lana eta Enplegu Sailaren eta Etxebizitza eta Hiri Agendaren Sailaren lankidetzarekin.
Mataderozarra izena ez da ausaz hautatu, izan ere, gaur egun lokala kokatzen den lekuan udal hiltegia zegoen garai batean, eta izen hori jartzearekin Udalak herriaren memoria historikoa zaintzeko konpromisoa berresten du.
Erabilera anitzeko espazio berritua eta egokitua, herriko baliabideak Zarragoitxi auzora hurbilduz
Berrikuntza lanei esker, 160 metro koadro inguruko espazioa berreskuratu da, bi areto eta egokitutako komun batekin. Lokala erabilera anitzekoa izango da, eta bilera, prestakuntza, ikasgela, auzo-elkarteen bilerak eta jarduera sozial eta kulturalak egiteko erabili ahal izango da. Horrez gain, wifi sarea izango du, espazio hau ikasteko eta lan egiteko egokia izan dadin.
Zarragoitxi auzoaren sarreran kokatuta dagoenez, bertako bizilagunek topagune eta baliabide berria izango dute, baina lokala Bermeoko herritar guztientzat zabalik egongo da, elkarbizitza eta komunitatearen dinamizazioa sustatuz.
Oraindik lokalarentzako ordutegi finkorik ez dago zehaztuta, baina Udalak ordutegi zabala eskaintzea aurreikusten du, herritarren beharretara egokitzeko. Bertara sartzeko, sarbide-txartela beharko da, eta hori udal liburutegian eskatu beharko da, erabilera-arauak onartzen dituen erantzukizun dokumentu bat sinatuta. Ahalik-eta arinen martxan egotea espero da, nahiz eta oraindik data zehatzik finkatuta ez dagoen.
Udalaren konpromisoa eraikin publikoak berreskuratzeko
Bermeoko Udalak poza eta asebetetzea adierazi ditu proiektu hau amaitu ondoren, izan ere, herritarren eskura jarriko den lokal bat berreskuratzea ez ezik, erabilera gabe dauden udal-eraikinei irtenbidea emateko konpromisoa sendotzea ere bada. Horregatik, Udalak “ahal duen neurrian” lanean jarraituko du lokalak, etxebizitzak eta udal-eraikinak birgaitzen, herritar guztientzako baliagarri bihurtuz.
Era berean, Udalak eskerrak eman gura dizkie proiektu honetan parte hartu duten pertsonei, euren lanari eta dedikazioari esker espazio hau herritarren topagune bilakatu delako. Prozesu hau ikaskuntza-ekintza baten adibide izan da, non parte-hartzaileek benetako lan-ingurune batean ikasi eta trebetasunak garatu dituzten.
Horrez gain, udal arduradunek herritar guztiei arduraz eta errespetuz jokatzeko deia egiten die, espazio hau herriaren ilusio eta ahalegin kolektiboaren emaitza dela gogorarazita. Bermeo eta bere ondarea zaintzea guztion ardura da, eta ondare publikoa egoera onean mantentzeak bere etorkizuneko erabilera bermatzen du.
Mataderozarra ezagutzeko ate irekiak
Berreskuratutako espazio berria ezagutarazteko, Udalak ate irekiak antolatu ditu gaur (martxoak 21) arratsalderako; ateak zabalik egongo dira 18:30etik 19:30era. Bertan, interesa duten herritarrek egin diren lanak gertutik ikusi, espazioa aztertu eta erabilera-aukerak ezagutu ahal izango dituzte.
Udalak herritarrak, auzo-elkarteak eta herriko eragileak gonbidatzen ditu Mataderozarra bisitatzera eta Zarragoitxiko eta Bermeoko bizitza sozial, kultural eta komunitarioan erreferente izango den espazio berri hau ezagutzera.