Albistea
Bermeo izan da aurten Itzulia Basque Countryren bigarren etaparen helmuga, apirilaren 3an, asteartean, eta hirugarren etaparen irteera, apirilaren 4an, asteazkenean, eta horren balorazio “oso positiboa” egin du Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol eta Turismo zinegotziak; izan ere, mundu mailako kirol ikuskizun horri esker “giro izugarria” izan dugu egun bietan Bermeon eta herritarren eta bisitarien parte hartzea “garrantzitsua” izan da.
Horrez gain, adierazi duenez, “mundu mailan ikusi den kirol froga hau Bermeoko txoko eta irudi ederrak (Gaztelugatxe, Almika, Alde Zaharra, Lamera, Portua…) erakusteko erakusleiho ezin hobea izan da; izan ere, telebistaren bidez, 120 herrialde inguruan ikusteko aukera egon da eta 15 miloi pertsonetara heltzen da”.
Apirilaren 3an 2. etapa izan zen, Zarautz eta Bermeo artekoa (152,7 km-koa). Etapa hori Txibitxagatik sartu zen Bermeora eta Almikatik igo ondoren, Mungiarantz egin zuen eta Bidebietas-etik etorri zen. Bermeoko altxorra den Gaztelugatxe ondotik pasa ostean, Matxitxako bidean izan zuen helmuga.
“Bertan pertsona asko batu ziren txirrindularien lasterketa eta ondoren sari banaketa ekitaldia ikusteko eta giro oso polita egon zen, nahiz eta noizean behin euri zaparradaren bat bota”, azpimarratu du.
Horrez gain, Lameran Caja Rural-Seguros RGA txirrindulari taldearen gunean, kilometro solidarioak egiteko aukera egon zen 'Eutsi gogor Danok batera' proiektuari laguntzeko, gaixotasun arraroak dituzten umeei eta euren familiei laguntzeko, hain zuzen ere. “Jende askok parte hartu zuen eta bai parte hartzaileei eta bai Caja Rural-Seguros RGAri ere eskerrak eman nahi dizkiegu ekimen solidario hau antolatzeagatik”, adierazi du Ormaetxeak.
Hurrengo egunean ere, apirilaren 4an, eguaztenean, Ormaetxearen esanetan, “giro ezin hobea” egon zen Bermeon. “Lehenik eta behin firma ekitaldia egon zen Lameran eta herritar eta bisitari asko ere hurbildu ziren txirrindulariak sinatzen ikustera eta, ondoren, lasterketaren hasiera Lameran une zirraragarria izan zen”, azaldu du.
Alkartasuna dantza taldeko kideak aurreskua dantza egin eta Julian Erasok, Euskadi Txirrindularitza Antolakutzaren presidenteak; Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; eta Irune Ormaetxeak zinta ebaki ondoren, Lameratik irten eta Alde Zahar guztia zeharkatu zuen Itzuliak, Kirol zinegotziaren esanetan, ibilbide “ikusgarria” eginez: Lamera, Alde Zaharra, Arostegi, Nardiz tar Jon, Arresi, Intxausti, Doniene, Matxitxako bidea, Aritzatxu bidea, Zubiaur tar Kepa, Segundo Ispizua, Santamañe eta Txibitxaga. Hortik Uribarri Gaubearantz egin zuen, bertan izan baitzuen hirugarren etapak helmuga.
“Itzulia Bermeoko kaleetatik ikustea benetan ikusgarria izan zen eta herritarrek eta kanpotik etorri ziren pertsonek bi egunetan gozatu egin zuten kirol ikuskizun honekin Bermeon. Esate baterako, oso deigarria izan zen txirrindulariak San Juan Portaletik irteten ikustea. Oso balorazio positiboa egiten dugu”, esan du Ormaetxeak.
Kirol eta Turismo zinegotziak adierazi duenez, Itzulia antolatzeko “lan handia” egin behar izan da, segurtasun, trafiko eta hainbat zerbitzuren antolakuntzan eta, ildo horretan, “buru-belarri lanean egon diren langileen inplikazioa” eskertu eta txalotu du. Era berean herritarren “jarrera onak ere lana asko erraztu” duela azpimarratu du.
Euskal Herriko Itzuliak Bermeon helmuga eta irteera izateak 72.600 euroko kostua izan du eta horietatik Bermeoko Udalak 12.100 euro ordaindu ditu eta gainerakoa babesleek jarri dute: Eroskik, Urremendi Landa Garapen elkarteak, Camposek, Construcciones Intxaustik eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Hori dela eta, Ormaetxeak babesle guztiei emandako laguntza eskertu die; izan ere, “ezinbestekoa” izan da “Bermeok lehen mailako kirol ekintza hau hartzeko”. Horrez gain, Itzuliaren etapa biak egiteko lagundu duten elkarte eta erakunde guztiei eskerrak eman dizkie.
Kirol zinegotziak adierazi duenez, “pozik gaude Bermeon Itzulia hartu dugulako, batetik, herriko eta kanpoko txirrindularitza zaletu guztiek Bermeon Itzuliarekin gozatzeko aukera izan dutelako, eta, bestetik, Bermeoko altxorrak munduari erakusteko aukera eskaini digulako”.
010 (94 617 91 00)