Albisteak

Albistea

Euskaraldiarekin jarrera aktiboa erakusteko ‘Auntxekutan bai’ bideoa egin du Bermeoko Udalak

 

Euskaraldiarekin jarrera aktiboa erakusteko Auntxekutan bai. Euskaraldia Bermeon bideoa egin du Bermeoko Udalak. Bideo hori urrats bat gehiago da euskarak nagusitasuna eta indarra hartzeko esparru publikoan zein herri mailan. 

Horretarako, bideoan agertzen diren protagonisten bitartez, herritarren eta udalaren ahalegina erakutsi, uztartu eta euskararen aldeko hizkuntza-arau sozialari protagonismoa eman gura izan zaio. Beste hizkuntza gutxitu bat daukan herri batetik dator protagonista nagusia, Valentziatik, eta euskara ikasten hasi eta prozesu osoa egin duen herritarra islatu gura izan da; euskara ez jakitetik, Belarriprest eta Ahobizi izatera heldu arte. 

Bestalde, euskararen normalizazio prozesuan Belarripresten garrantzia ere azpimarratu nahi izan da, tabernariaren bitartez; eta, nola ez, gazte euskaldun koadrila baten bizindarra ere bai, eta euren euskararen praktika aktiboa agertu. Era berean, udal langileen lan eta zerbitzu hizkuntza euskara izatearen garrantzia azpimarratu nahi izan da, erakunde publikoetatik zerbitzua euskaraz eman eta hartzeak daukan garrantzia, hain zuzen ere. 

Euskarari zor diogun errespetua, euskararen balioa eta zenbait kolektiboren eredugarritasuna sustatu eta azpimarratu gura izan dira bideoan, euskararen aldeko hautua egiten duten zenbait herritar eta langile publikoren bitartez. 

Euskaraldiaren 11 egunetan eta hortik aurrera ere Ahobizi eta Belarriprest izango dira bideoko protagonistak, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa aspaldi hartuta baitute. Bermeoko Udaleko eta Bermeoko beste hainbat eta hainbat herritar, komertzio, elkarte eta abarrek ere bide bera jarraituko dute Euskaraldiarekin bat egin dutelako. Bermeok herri euskalduna izaten jarraitu nahi duela erakutsi gura du. 

Bermeoko kaleak Ahobizi eta Belarriprestekin beteko ditugu azaroaren 23tik abenduaren 3ra: ikasleak eta langileak, etxeko lanetan dihardutenak eta aitite-amumak, gazteak eta ez hain gazteak, berton jaiotakoak eta beste leku batetik etorritakoak. 

Bideoa ikusteko lotura hau da: https://www.youtube.com/watch?v=E8-aYYb8Yz0

 

 

 

 

 

 

 

13 / 11 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0