Albisteak

Albistea

Bermeoko Nautika eskolako 13 ikasle ari dira Ortubeko birgaitze lanetan parte hartzen

  • Ikastaroa hasi zenetik, astero, ikasleek lanaldi oso bat ematen dute Ortube birgaitzeko lanetan


Ortube itsasontzia birgaitzeko proiektuak indartsu jarraitzen du aurten. Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIk eta Ortube itsasontziak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, Oinarrizko Lanbide Heziketako 13 ikasle aktiboki ari dira parte hartzen Ortubeko zaharberritze-lanetan.

Irakasleek eta proiektuko boluntarioek gainbegiratuta egiten dute lan ikasleek, eta ikasgelan eskuratutako ezagutzak ingurune erreal batean aplikatzeko aukera dute. Praktiken programa hau lehen mailako modulu espezifikoen funtsezko zati bat da, eta sektorearen errealitatera hurbiltzeaz gain, funtsezko trebetasunak garatzen laguntzen die, hala nola, kontzentrazioa, talde-lana eta tresnen erabilera segurua.

Ikaskuntza praktikoa eta aberasgarria

Ikastaroa hasi zenetik, astero, ikasleek lanaldi oso bat ematen dute Ortube birgaitzeko lanetan, eguaztenetan bertaratzen dira, hain zuzen ere. Denbora horretan, teknika espezifikoak hobetzeaz gain, erantzukizunaren, segurtasunaren eta laguntasunaren garrantzia ikasten ari dira lan-ingurune batean.

Nautikako irakasleek oso positiboki baloratzen dute ikasleen jarduna, hilabete hauetan izan duten bilakaera eta konpromisoa azpimarratuz. Era berean, lankidetza horren balioa azpimarratu dute, gazteen prestakuntzari ekarpena egiteaz gain, itsasontzia berreskuratzen ere laguntzen baitu.

Maila instituzionalean ere modu oso positiboan baloratu dute proiektuaren eragina. Iaz egin bezala, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Xabier Ortuzar Butron alkateordea Ortubera bertaratu dira ikasleekin egoteko tartetxo bat hartu eta horiek egindako lana gertutik ezagutzeko. Biek nabarmendu dute hitzarmenaren garrantzia, ikasleei mesede egiteaz gain, tokiko itsas ondarearen zaintza ere bultzatzen baitu.

20 / 03 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0