Albisteak

Albistea

Betiko Arrain Azoka bueltan da!

-Arrain Azokaren 28. edizioak ‘Gastronomia’ gaia erdigunean izango du

-Hitzaldiak, dastaketak, familiei bideratutako tailerrak, bertoko kirolak, bisita gidatuak, produktu ezin hobeak… herritarrek gustu guztiei bideratutako ekintzak aurkituko dituzte

Bermeon, 2022ko apirilaren 27an.-  Bi urteren ostean, Arrain Azoka bere betiko formatuarekin itzuliko da Bermeora. Eta, noski, ekimen askorekin bueltatuko da. Bermeoko Arrain Azoka Elkarteak eta Bermeoko Udalak ‘Gastronomia’ gaia erdigunean izango duen azokara gonbidatu nahi ditu herritarrak eta baita kanpotarrak ere. Hitzaldiak, dastaketak, familiei bideratutako tailerrak, bertoko kirola, bisita gidatuak, produktu ezin hobeak… Arrain Azokaren 28. edizioak denetik izango du!

“Bi urteren ostean gure erakuslehio nagusienak presentzialtasuna berreskuratuko du. Egia esan ilusio handiarekin gaude. Pandemiaren garai txarrak alde batera utzita, Arrain Azokak bere betiko formatua berreskuratuko du eta gure helburua da, besteak beste, herritarrek jai-giroan pasatzea maiatzaren 20tik 22rako asteburua. Ekintza asko prestatu ditugu aurten eta espero dugu dena primeran joatea. Herritarrak eta kanpotik iritsiko zaizkigun bisitariak Bermeoko izaera, tradizioa, nortasuna eta produktuak balioan jartzen dituen jai honetara gonbidatzen ditugu”, hasi da Bermeoko alkate Aritz Abaroa.

Esan bezala, aurtengo Arrain Azokaren gai nagusia ‘gastronomia’ izango da. Izan ere, arrantzaleak itsasoratzeko arrazoi nagusia da gure platerera kalitate hobereneko produktuak ekartzea. Gainera, kontserberek ere helburu bera dute, lehen mailako arrain-kontserbak gure etxeetako mahaietara eramatea. Hau dela eta, aurten gastronomiari aparteko garrantzia emango zaio. Produktu bikainak ditugu, eta horiek baliatzen eta maridatzen badakigu.

“Gaur aurkezten gauden programa oparo hau ez litzateke posible izango herriko elkarteen lan paregabearengatik gabe. Eskerrak eman nahiko nizkieke haiei guztiei erakutsi duten prestutasun eta kolaborazioagatik. Zalantzarik gabe kolorea jarriko diote aurtengo Arrain Azokari. Aldi berean, antolatzaileek azkeneko bi urteetan egindako esfortzua balioan jarri nahiko nuke. Momentuko egoerara moldatzea lortu zuten eta azokak ez du etenaldirik izan pandemiako garai txarrenetan ere”, jarraitu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Arrain Azoka maiatzaren 20tik 22ra ospatuko bada ere, ekimenak egun batzuk lehenago hasi dira. Izan ere, Hegaluze Sarirako proposamenak jasotzeko epea zabalik dago eta maiatzaren 8ra arte horrela egongo da. Nahi duenak bere ekarpena egin dezake. Horretarako, hautagairen gaineko informazioa turismo@bermeo.eus helbide elektronikora bidali edo Bermeoko Turismo Bulegoan aurkeztu ahal izango da.

Gainera, maiatzaren 18an eta 19an Arrantzaleen Museoan ‘Bermeo y la expansión de la industria atunera española en aguas tropicales’ Rafael Uriarte Ayoren liburuaren aurkezpena eta ‘Cuatro años de anillamiento de aves migratorias en Izaro. ¿Qué hemos aprendido después de todo este tiempo?’ Aranzadi Elkartearen hitzaldia egingo dira, hurrenez hurren.

Maiatzaren 20an 2022ko Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldia egingo da eta hortik aurrera dozenaka ekimenekin gozatu ahal izango dugu (atxikita programa). Besteak beste, kontserberetara bisitak, Ortube itsasontzia ezagutzeko aukera, pilota partida, batelen estropadak, hitzaldiak…

27 / 04 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0