Albisteak

Albistea

Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera animatzen ditu herritarrak

Bermeoko Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu herritarrak. Gaur egindako prentsaurrekoan, Josu Unanuek, Bermeoko alkateordeak eta Euskara zinegotziak, eta Maite Alvarezek, Euskara teknikariak, herritarrei errenta euskaraz egitea “oso erraza” dela gogoratu die eta, horregatik, “ikararik ez izateko” eta errenta euskaraz egiteko deia egin dute. 

Unanuek eta Alvarezek gogoratu dutenez, Uema, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, BFAren babesarekin, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina bat jarri du martxan. Horretarako eskuorri bat banatu du errenta aitorpena euskaraz zelan egin azaltzeko.  

Alvarezek azaldu duenez, autolikidazio proposamenen kasuan, etxean jasotako proposamena erdaraz balego, hori onartzerakoan, herritarrak euskaraz nahi duela esan behar du eta, aurrerantzean, Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkio.  

Internet bidez egiten diren errenta aitorpenetan, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi behar da internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu. Aholkularitzaren bat aukeratzen badu herritarrak, espresuki adierazi beharko du aitorpena euskaraz egin nahi duela.  

Banketxeekin eta aholkularitzekin harremanetan 

Herritarrak errenta aitorpena mekanizatua egiten badu, banketxean hitzordua hartzerakoan Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituela adierazi behar du. 

Euskara teknikariak azaldu duenez, iazko errenta aitorpenaren kanpainan Bermeoko Udaleko Euskara Saila Bermeoko banketxeetako zuzendariekin bildu zen errenta aitorpena euskaraz egiteko erraztasunak eman ditzaten eta banketxeen kolaborazioari eta inplikazioari esker, Bermeon banketxe bidez egindako euskarazko aitorpen kopuruak gora egin zuen.  

“Hori ikusita, aurten banketxeen laguntzaz gain, aholkularitzekin jarriko da harremanetan Euskara Saila, eurekin ere lankidetzan aritu asmoz”, jakinarazi du Maite Alvarezek. 

Udal arduradunek adierazi duenez, “iazko kanpainan zenbaki absolutuetan euskarazko aitorpen kopuruaren igoera handia lortu ez bazen ere, banketxe eta aholkularitzekin batera aurten jarduteak emaitza hobeak izaten lagunduko duela espero dute”.

Josu Unanuek gogoratu duenez, “Bermeo herri euskalduna da, asko eta asko gara euskaldunak eta garrantzitsua da  euskaraz arlo guztietan ari gaitezkeela ohartzea, errenta aitorpenean ere bai”. “Hortaz, utzi dezagun ikarak alde batera eta egin dezagun errenta aitorpena euskaraz, erraza delako eta euskaraz ere kontuak irteten direlako” , azpimarratu dute Unanuek eta Alvarezek.

 

 

 

 

 

23 / 04 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0