Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak gabonetan egindako prozesu parte hartzailean 696 biztanlek parte hartu zuten

Herriko alkate Aritz Abaroak prozesuaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean eta 2020ko aurrekontuen exekuzioan herritarrek adierazitako lehentasunek “zuzeneko eragina” izango dutela esan du

Datuak kontutan hartuta, ondorioztatu daiteke bermeotarrentzat herriko gune ezberdinetan garbitasun bereziak egitea eta espaloiak konpondu eta asfaltatze lanak egitea lehentasun handiko bi gai direla

Bermeon, 2020ko martxoaren 5ean.- Bermeoko alkate Aritz Abaroak Udalak gabonetan egin zuen prozesu parte hartzailearen emaitzen berri eman du gaur goizean. Honela, alkatea “oso pozik eta eskertuta” agertu da bermeotarren parte hartzearekin eta bertatik atera diren ondorioek “2020ko aurrekontuen exekuzioan eta Udalak aurki aurkeztuko duen Agintaldi Planean zuzeneko eragina” izango dutela azpimarratu du. Prozesu parte hartzaile honek Udal Gobernuak agintaldi hasieran markatu zituen ‘Kudeaketa Estilo Propioa’ eta ‘Gardentasuna’ helburuekin bat egiten du, herritarren iritzi eta lehentasunak lehen eskutik jasoz.

Guztira, prozesu parte hartzailean ia 700 herritarrek eman dute bere iritzia eta alkateak “oso datu esanguratsu eta positiboa” dela adierazi du. Aipatzekoa da Bermeoko gune eta auzo guztietatik jaso direla datuak eta adin tarte oso zabala ordezkatuta geratu dela. Izan ere, gazteenak 12 urte ditu eta, nagusienak, 94. Bermeotarrek datu guztiak eskuragai izango dituzte. Horretarako, Udalak inprimaki bat prestatu eta datozen egunetan etxeetara bidaliko du. Gainera, www.bermeo.eus udal webgunean ere datuak publikatuko ditu. 

Prozesu parte hartzaileak emandako datuak kontutan hartuta argi geratu da, ondoren ikusiko den bezala, bermeotarrentzat herriko gune ezberdinetan garbitasun bereziak egitea, espaloiak konpontzea eta asfaltatze lanak burutzea lehentasun handiko hiru gai direla. Alde Zaharra biziberritzea ere lehentasunezko kontua da, herritarren ustetan.

Metodologia:

Bermeotarren parte hartze ahalik eta handiena lortzeko, ekimen honetan parte hartzeko bi bide egon ziren. Alde batetik, herritarrek etxeetan euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako inprimakia jaso zuten. Bada, euren lehentasunak adierazi ostean, dokumentua liburutegian, Berhazen edo Kultur Etxean entregatu behar izan zuten. Bestetik, bide hau egin nahi izan ez zutenek, euren iritziak emateko beste aukera bat izan zuten Lameran urtarrilaren 11 eta 12an jarri zen karpa batean.

Prozesu parte hartzailearen metodologiak bi atal izan zituen. Lehenbiziko atalean, 2020rako aurreikusitako 25 ekintza nagusi definitu ziren eta herritarrak bere lehentasunen arabera ordenatu behar izan zituen. Etxeetara bidalitako dokumentuan, bermeotarrek 1etik 25era ordenatu behar izan zituzten ekintza hauek (1, euren ustez, lehentasuna handiena daukan ekimenari jarriz eta 25 gutxien duenari). Aldiz, Lameran jarritako karpan, herritarrek, gometsen bidez, eurentzako garrantzitsuenak ziren 6 ekintza nagusi aukeratu zituzten 25 ekintza nagusien artetik.

Bestetik, bigarren atalean, zazpi ekintza konkreturi buruz biztanleek euren lehentasunak idatzi behar izan zituzten. Ekintza proposatu ostean (edukiontzi guneak edertu, espaloiak konpondu eta asfaltatze lanak egin, garbikuntza bereziak herriko guneetan burutu…) herritarrak galdera bati erantzun behar izan zion. ‘Edukiontzi guneak edertu’ ekintza adibidetzat hartzen bada, herritarrari honako galderari erantzun behar izan zion: ‘zein gune uste dozu egokitu behar dala lehentasunez?’. Erantzuna librea zen.

Datuak aztertu ostean, hauek dira bermeotarrek adierazitako lehentasunak:

Metodologiaren lehenbiziko atala:

Etxeetara bidalitako dokumentua 487 pertsonek bete dute. Dokumentuaren lehenbiziko atalean, herritarrek ordena hau eman diete planteatutako 25 ekintza nagusiei (1, euren ustez, lehentasuna handiena duena da eta 25 gutxien duena):

1-      Espaloiak konpondu eta asfaltatze lanak

2-      Garbitasun bereziak herriko gune desberdinetan

3-      Herriko edukiontziak berriztu

4-      Hobekuntzak gune urbanoetan (Lamerako baldosa solteak konpondu, adibidez)

5-      Hiri altzariak berriztu (farolak, jesarlekuak…)

6-      Saihesbideko lotura egiteko biribilgunea

7-      Umeen jolasguneak berriztu eta mantentzea

8-      Lokalbide: Alde zaharra biziberritzeko programa

9-      Edukiontzi guneak edertu

10-   Adikzio eta menpekotasunei aurre hartzeko programa eta ekintzak egitea

11-   Auzoetako bideetan hobekuntzak egitea

12-   Aparkaleku publikoak egiteko lurren erosketa

13-   Itsasbegi-Iparragirreko irisgarritasuna hobetu

14-   Udal ondare eraikinetan inbertsioak (eskola publikoetan irisgarritasuna hobetu, adibidez)

15-   Herriko gune desberdinetako hesien berriztea

16-   Sastar-batzeko kamioak berriztu

17-   Tonpoia gune natural legez egokitzeko proiektua

18-   Gazteleku eta Ludoteka zerbitzuak indartzea

19-   Bermeoko euskara balioan ipintzeko proiektuak

20-   Kiroldegiko larrialdietako eskilara

21-   Klima aldaketari aurre egiteko diagnosia eta ekintza plana egitea

22-   Gaztelugatxerako lanzaderak

23-   Bisita gidatuak Gaztelugatxen eta herriko interes guneetan

24-   Hobekuntzak Hermanoetan

25-   Itxasgane futbol zelaian bedarra aldatzea

Lameran jarritako karpan, aldiz, 209 bermeotarrek eman zuten euren iritzia. Esan bezala, gometsen bidez, eurentzako garrantzitsuenak ziren 6 ekintza nagusi aukeratu behar izan zituzten dokumentuaren lehenbiziko atalean. Eta ondorengoak dira gailendu diren lehen 6ak:

1-      Garbitasun bereziak herriko gune desberdinetan

2-      Espaloiak konpondu eta asfaltatze lanak

3-      Hobekuntzak gune urbanoetan (Lamerako baldosa solteak konpondu, adibidez)

4-      Bermeoko euskara balioan ipintzeko proiektuak

5-      Lokalbide: Alde zaharra biziberritzeko programa

6-      Umeen jolasguneak berriztu eta mantentzea

Metodologiaren bigarren atala:

Bigarren atalean, bermeotarrek zazpi ekintza konkreturi buruz euren lehentasunak idatzi behar izan zituzten (erantzuna librea zen). Jarraian galderak eta herritarrek markatutako lehentasunak.

1-      Edukiontzi guneak edertu. Zein gune uste dozu egokitu behar dala lehentasunez?

1)       Lamera parkea (%14)

2)       Alde Zaharra (%10)

3)       Goiko Plaza (%8)

4)       Askatasun bidea (%8)

5)       Arresi kalea (%5) 

2-      Espaloiak konpondu eta asfaltatze lanak.

-          Zein espaloi uste duzu berriztu behar dela?

1)       Alde Zaharra (%11)

2)       Bizkaiko Jauregia (%11)

3)       Zubiaur tar Kepa (%7)

4)       Erreñe Zubi (%7)

5)       Txibitxiaga (%5) 

-          Zein kale-bide asfaltatu behar da lehentasunez?

6)       Erreñe Zubi (%9)

7)       Txibitxiaga (%7)

8)       Zubiaur tar Kepa (%7)

9)       Askatasun bidea (%6)

10)   Alde Zaharra (%4) 

3-      Hobekuntzak gune urbanoetan. Zein gunetan egingo zenituzke lehen hobekuntzak?

1)       Lamera parkea (%20)

2)       Alde Zaharra (%16)

3)       Portua (%7)

4)       Talako ingurua (%7)

5)       Txibitxiaga (%4) 

4-      Auzoguneetako bideen hobekuntzak. Zein auzo-bide konponduko zenuke lehentasunez?

1)       Arene auzoa (%15)

2)       Artike auzoa (%12)

3)       Mikel Deuna auzoa (%9)

4)       Zarragoitxi (%7)

5)       Ander Deuna auzoa (%6) 

5-      Garbitasun bereziak herriko guneetan. Zein gunek uste duzu behar dituela garbitasun bereziak?

1)       Alde Zaharra (%24)

2)       Askatasun bidea (%9)

3)       Tala (%7)

4)       Txibitxiaga (%4)

5)       Lamera parkea (%4) 

6-      Umeen jolasguneak berriztu eta mantendu. Zein jolasgune dago egoerarik txarrenean zure ustez?

1)       Tala (%48)

2)       Lamera (%17)

3)       Mikel Deuna auzoa (%8)

4)       Artike bidea (%7)

5)       Erreten (%4) 

7-      Herriko argiteria hobetzea. Zein gunetan uste dozu indartu behar dala argiteria?

1)       Alde Zaharra (%13)

2)       Tala (%11)

3)       Erreten (%10)

4)       Martin Deuna (%4)

5)       Aritzatxu bidea (%3)

05 / 03 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0