Albistea
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek adin guztietako herritarrak jaiekin bete-betean gozatzeko programa zabala eskainiko dute irailaren 7tik 16ra. Dena den, irailaren 4tik aurrera motorrak berotzen hasiko dira Bermeon hainbat ekitaldirekin eta Almikako jaiekin eta irailaren 19an ere jai giro izugarria egongo da Bermeoko XXXIII. Uria Ikurriña estropadarekin. Beraz, jai egun guzti hauetan bai bermeotarrek bai kanpotik datozenek, musika, kirola, gastronomia, umeentzako ekintzak eta suziriak presente egongo diren jai egunekin disfrutatzeko aukera izango dute Bermeon.
Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Jai Batzordeko kideek Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien programa aurkeztu dute gaur egindako prentsaurrekoan. Astuik azpimarratu duenez, Jai Batzordeak eta herriko elkarteek urte guztian zehar egindako lanari esker, “gure herriko jaiekin disfrutatu ahal izango dugu urtero bezala” eta “giro izugarria izango duten jai guztiz parte-hartzaileak izango ditugu”. “Guztiok izango dugu ondo pasatzeko aukera”, esan du.
Nahiz eta jaiak irailaren 7an hasi, irailaren 4an, barikuan, motorrak berotuko dira Bermeoko txosnek tortilla txapelketa eta kontzertua antolatu baitute egun horretan. Irailaren 5ean, zapatuan, Bermeon kirola protagonista garrantzitsua izango da, izan be, Salome Campos Igeriketaren III. edizioa, pala motza txapelketa eta idi probak Almikan izango dira. Zapatu honetan ere elektrotxaranga baten kalejira eta Portuzarrean musika egongo dira.
Gainera irailaren 5ean Almikako jaiei ere hasiera emango zaie 19:30ean ikurrinaren jasoera eta dunbadarekin. Txurraskada herrikoia, euskal erromeria eta txokolatada ere izango ditugu Almikan. Irailaren 6an, domekan, Almikako jaiekin gozatzen jarraituko dugu egun horretan untxi txapelketa, umeentzako puzgarriak, triki poteoa, euskal baserri kirolen erakustaldia eta baserri kirol pentatloia, besteak beste, izango ditugu.
Jaien hasiera aurten Taraskan
Irailaren 7an, astelehenean, itsasoko eguna, Almikeko bajada, kontzertua, Bermeoko irrintzilarien ekitaldia… izango dira. 21:50ean Xixili aurkeztuko da aurten Taraskan eta 22:00etan alkatearen pregoia, ikurrina jasotea eta txupinazoa izango dira leku horretan. Bermeotarrak Fanfarreagaz aurreskuek jaiei hasiera ezin hobea emango diote eta ondoren musika pintxadie egongo da txosnatan.
Irailaren 8an, martitzenean, Andra Mari Egunean, goizeko 10:00etan udalbatza Talan batuko da alkate soinua entzuteko. Ondoren, Almikerantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldea, Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari Erraldoiak, Bermeoko erraldoien konpartsa, Alkartasuna dantza taldea eta Aiarako musika bandarekin ‘Bermeo’ pieza joten. Almikako Andra Mari Elizan meza nagusia izango da 11:00etan eta ondoren, ohorezko aurreskua Udalari eta Erraldoien eta buruhandien ekitaldia izango dira.
Andra Mari Egunean asko izango dira Bermeon ospatuko diren ekimenak, hala nola, Aiara Musika bandaren kontzertua Santa Maria Elizan eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren kalejira Alde Zaharretik. Idi probak eta esku pilota partidu nagusiak ikusteko aukera ere izango dugu.
Umeen danborrada ere Andra Mari egunean izango da 18:00etatik aurrera eta 20:00etan txosnatan kontzertua egongo da. 22:00etan Caballer FX pirotekniaren eskutik suziriak izango dira eta 22:30ean Otxandategi abestaldeak ‘Abby Potxola’ kontzertu solidarioa eskainiko du. Proiektu honen helburua da Senegaleko herri batek edateko ura izatea ahalbidetzea.
Arrantzale Eguna
Irailaren 9an, eguaztenean, Arrantzale Egunean, meza egongo da Santa Eufemia elizan arrantzaleen omenez eta, ondoren, kalejira txistulariekin eta lore eskaintza egingo dira. Horrez gain, hainbat omenaldi egingo dira, Gila Zerrarieri, itsas komunikazio arazoen ondorioz hildakoei eta arraun munduan egindako lanari, hain zuzen be.
Eguerdiko 13:00ean, bermeotarrontzat hain garrantzitsua den egun honetan, aurreskuak eta zabaletakoak egongo dira Goiko plazan eta, ohikoa den moduan, jaitsiera egingo da Taraskari lorak eskaintzeko. Egunean zehar fanfarreak herriko giroa alaituko dute eta 19:00etan Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldeak kontzertua eskainiko du Lameran. Dantzan egiteko aukera izango dugu 21:00etan Gora Herria taldearekin izango den dantzaldian, 01:00ean Jaikide Diskofestan Lameran eta Musika pintxadan txosnatan. Goizaldean testing programa Ai Laket egongo da Lameran.
Andra Mari Hirugarren Egunean, irailaren 10ean, eguenean, ume eta gaztetxuen jolas parkea izango dugu Gonzalo Nardiz enparantzan goizez eta arratsaldez. Egun honetan ere familia guztiari zuzenduta kale antzerkia egongo da Irakaskintza kalean eta ondoren txokolatada leku honetan. Eguenean ere XXXV. Bermeoko Hiria Esku Pelota Txapelketa, bertso saioa eta aurten berrikuntza den Kanta-Kanta lorue ekimena egingo da Jai Batzordeko kideek antolatuta.
Urtz, Skaiketan eta Fat Fuckers kontzertuak
Irailaren 11n, barikuan, gozatzeko aukera pila izango dira Bermeon. Horrela, umeentzako tailerrak eta poniak egongo dira Erreten Lameran eta ondoren aurten nobedadea den txapel jaurtiketa egingo da leku honetan Tarratadiek antolatuta. Horrez gain, X. batel estropada Erroxape kaian eta dantza tailerrak egongo dira txosnatan.
Gaueko 22:00etan Lameran Urtz, Skaiketan eta Bermeoko Fat Fuckers taldeen kontzertuak izango ditugu Lameran eta ordu berdinean Bermeoko Kafe Antzokian Gatillazo eta Zarparzo a Cicatriz taldeen kontzertuak egongo dira. Azken hauen sarrera jadanik salgai dago. Egun honetan tren zerbitzu berezia egongo da.
XLI. Sukalki Eguna ospatuko da irailaren 12an, larunbatean, Talan giro polita sortuz. Fanfarreak, trikitrixak eta gaiteroek giroa alaituko dute eta fanfarrearekin egingo da bajadie. Musika egongo da Portuzarrean (20:00), Trakets taldearekin dantzaldia egongo da Lameran 22:00etan eta ondoren, musika pintxadie txosnatan. Egun honetan ere goizean Bermeoko Udalaren XLII. Plater Tiro Saria egingo da.
Irailaren 13an, igandean, hainbat izango dira Bermeok hartuko dituen jai ekimenak. Bermeoko herri azoka egongo da egun guztian zehar Tarratadiek antolatuta, III. Oiloen erakusketa izango da goizean Lameran Eoalak-ek antolatuta eta Senegaleko borrokak Erriberan. LV. Sollube Zirkuitua eta herri kirolen XLI. Edizioa ere egingo dira eta Begoñako Amaren urpean tronuratzearen LII. Urteurrena ospatuko da. Gurasoek eta umeek elkarrekin ondo pasatzeko hainbat ekintza ere izango dira Goiko Plazan (molto lasterketa, ginkana eta taloa egiteko tailerrak) eta gauean Suzko zezena izango dugu toki honetan.
Irailaren 14an, astelehenean, Nagusientzako herri bazkaria eta dantzaldia egongo dira eta umeentzako bitsaren jaia eta ur jaurtiketa izango ditugu Lameran. XXXV Bermeoko Hiria Esku Pelota txapelketa egingo da eta egun honetan Bermeoko Play Back erraldoia egingo da, lehenengo umeen saioarekin eta ondoren nagusien saioarekin.
Nagusien danborrada Aiarako musika bandarekin, kontzertua Sarabandak antolatuta eta Aiarako musika bandaren kalejira Santa Eufemia enparantzaraino eta bertan ekitaldia egingo dira irailaren 15ean, martitzenean. Suzko zezena ere izango da Goiko plazan.
Baserri giroko azoka, aurten nobedadea den abereen erakusketa Taraskan, okela dastatzea, trikitilariak, Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia, omenaldiak, herri probak eta dantzaldiak egongo dira irailaren 16an, Santa Eufemia egunean. Aurten berriro ere ahal izango dugu gozatu balkoitik balkoira bertso saioarekin, umeen jokoekin eta Esku pelota partidu nagusiekin. Ohikoa den moduan doluzko ibilaldia egingo da Xixiliri azken agurra emateko, gaueko 22:00etan. Ondoren Xixili erreko da eta suziriak, Zaragozana pirotekniaren eskutik.
Nahiz eta jaiak irailaren 16an bukatu, oraindik martxak jarraituko du irailaren 19an, zapatuan, izan be, egun horretan XXXIII. Bermeoko Uria Ikurriña estropada egingo da. Horrez gain, zumba ekitaldi solidarioa, herri bazkari bat eta Bou Bizkaia Peñaren kalejira egongo dira.
Jaietako programa eta garraio publikoa
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako programa irailaren 2tik asteazkenetik, aurrera egongo da salgai Bermeoko Turismo bulegoan eta Kultur etxean 1,20 eurotan. Bestalde, Euskotrenek gaueko tren zerbitzua eskainiko du irailaren 11n (barikuan) Gernikatik Bermeora ordu bi oro. Bestalde, irailaren 12an, zapatuan, gaueko zerbitzuak eskainiko ditu EuskoTrenek ohikoa den moduan.
Aingeru Astuik eta jai batzordeko kideek adierazi duenez, “gure herrian ez da musikarik, dantzaldirik, txapelketarik, omenaldirik, azokarik ezta ikuskizunik faltako”, baina Bermeoko Jaiak “duten enkantua bermeotarrok jaiak bizitzeko daukagun era berezi eta parte-hartzailea da, zalantza barik”. Pertsona guztiak gonbidatu dituzte Bermeoko jaietara etortzera eta “denok elkarrekin gure jaiekin disfrutatzera”.
Azkenez, Astuik jai batzordean parte izan diren guztiak zoriondu ditu ”urte guztian zehar egindako lanagatik” eta baita ere jai pare bakoak antolatzen laguntzen duten pertsona eta talde guztiei. “Herriaren alde egindako esfortzua aitortzeaz gain, eskerrak emon nahi dizkiet denon artean herri hobe bat eraiki dezakegula argi dagoelako”, azpimarratu du. Azkenez, pertsona guztiei jai zoriontsuak opa dizkie.
010 (94 617 91 00)