Albistea
-Atal berri honek informazio asko emango dio erabiltzaileari: aktibitate ezberdinen ordutegi eta prezioak, eskaintzak, ibilbideen planoak, ostalaritza establezimenduen gaineko informazioa…
Bermeon, 2020ko azaroaren 26an.- Udalerritik atera ezin garen garai hauetan, Bermeoko Udalak plan ezberdinak proposatu ditu bere webgunean zabaldu duen atal berri batean. Izan ere, https://www.bizibermeo.eus/asteburuan-zer-egin-bermeon?webgunean Bermeotik atera gabe egin daitezkeenak ikusi ahal izango ditu erabiltzaileak, modu erraz eta argian. Helburua da herritarrei aukera ezberdinak planteatzea eta Bermeoko turismo aktiboko enpresei bultzada bat ematea.
Plan hauen artean denetarik dago eta erabiltzaileak erabakiko du bere gustu edo beharrizanen arabera zer nahiago duen. ‘Bay of Biscay sailing’-ek, adibidez, itsasorako irteerak proposatzen dizkigu. Izaro Sub Taldeak, bestalde, Bermeoko uretan urpekaritza egiteko aukera emango digu. Eta Arrantzaleen Museoak “Akurio eta Elkano. 1519-1522. Bizkaitarrak lehen munduko biran” erakusketa larunbatetan doan ikusteko aukera eskainiko dio bertaratzen denari.
Gainera, kirol esparruko hainbat plan ere egin ahal izango ditugu Bermeotik atera gabe: ibilbide osasuntsuak, ‘Nordic Walking’ ibilbideak, BTT-arekin egin daitezkeen bideak… Kiroldegiak eskaintzen dituen aukera ezberdinak ere bertan daude ikusgai eta duela astebete Udalak martxan jarri zuen webguneko beste atal berri baten esteka ere hor aurkituko du erabiltzaileak: janaria etxez-etxe banatu edo bertan biltzeko zerbitzua eskaintzen duten herriko jatetxe eta ostalaritza establezimenduen gaineko informazioa ematen duen atalerako esteka, alegia.
Webguneak informazio asko emango dio erabiltzaileari: aktibitate ezberdinen ordutegi eta prezioak, eskaintzak, ibilbideen planoak, ostalaritza establezimenduen gaineko informazioa… Asteburuan zehar herritik atera gabe hamaika plan egin ditzakete bermeotarrek eta, orain, webgune berri honetan zerrendatuta ikusi ahal izango dituzte.
010 (94 617 91 00)