Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak milioi bat euro bideratuko ditu herritarren osasuna, ongizatea eta segurtasuna zaintzera eta herriko merkataritza bultzatzera

2020ko aurrekontua aldatu du, egungo egoerari aurre egin ahal izateko, eta ‘Nik, BermeON’ kanpainaren barruan sartzen diren neurri lerro bi ireki ditu: bermeotarrei zuzendutakoa (487.170 euro) eta herriaren ekonomia berrindartzearekin zuzenean erlazionatutakoa (535.676 euro)

Bermeon, 2020ko maiatzaren 19an.- Konfinamendu fasea gainditu eta arintze fasean sartu garen honetan, Bermeoko Udala helburu argiarekin ari da lanean: “Bermeoren, bermeotarren eta herriko ekonomia berrindartzearen unea da”, adierazi du Aritz Abaroa herriko alkateak.

Horretarako, Udalak ‘Nik, BermeON’ kanpaina diseinatu du. Kanpaina horretan, apurka-apurka normaltasuna berreskuratzen lagunduko duten eta lanerako lerro nagusi biren inguruan egituratzen diren hainbat neurri definitu dira: bermeotarren osasuna, ongizatea eta segurtasuna zaintzeari buruzkoa eta udalerriko ekonomia biziberritzearekin zuzenean erlazionatutakoa. Izan ere, ekintza horiek guztiak gauzatzeko, Udalak 2020ko aurrekontua aldatzea erabaki du, eta 1.000.000 euro inguru bideratuko ditu markatutako helburua lortzera. Ondoren zehaztuko den moduan, neurri horietako batzuk dagoeneko jarri dira martxan, eta beste batzuk hurrengo asteetan edo hilabeteetan ezarriko dira.

Bermeotarrak, ‘Nik, BermeON’ kanpainaren abiapuntu:

Hainbat astetan, Udalaren helburu nagusia COVID-19ak herritarren artean eragin duen osasun arloko krisiaren eragina arintzen ahalegintzea izan da. Beste gauza batzuen artean, herritarrei zerbitzuak ematen, egoera zaurgarrienean zeuden kolektiboei laguntzen, herriko kaleak garbitzen eta desinfektatzen, segurtasun eta osasun arloko neurriei buruzko informazioa ematen eta, ahal izan den neurrian konfinamendua arintzen ahalegindu da, hainbat motatako ekimenak martxan jarriz.

Udalak aste hauetan indarrean jarri dituen neurriak hauek izan dira, beste batzuen artean (487.170 euro bideratu dira horietara):

-          Udalak, bakarrik edo bikotean bizi diren 80 urtetik gorako pertsona bakoitzari banan-banan deitu die eta horien jarraipena egin du. 250 dei baino gehiago egin dira, eta laguntza berezia behar zuten kasuei arreta eman zaie.

-          70 urtetik gorako herritarrei atez-ateko informazio eta laguntza emateko programa jarri da martxan, kolektibo horren egungo egoera aztertzeko, jarraipen egokia egiteko eta laguntza eta informazioa emateko. Horrez gain, Udalak 6.000 maskara baino gehiago banatu zituen. Programa horrek aste honen amaierarako etxebizitza guztiak bisitatzea aurreikusten du, eta laguntzaren bat behar zuten 70 kasu baino gehiago hauteman ditu daborduko. Kasu horiek gizarte ongizate patronatuari jakinarazi zaizkio.

-          Bi tablet erosi dira, teknologia berriei esker, gure egoitzako erabiltzaileek astean hiru bider euren senideekin harremana izango dutela bermatzeko.

-          Laguntza psikologikoa ematen zaie horren beharra duten zaintzaileei eta adinekoei.

-          Garbiketa eta desinfekzio lan bereziak egin dira udalerri osoan. Horretarako, Udalak material espezifikoa erosi zuen, desinfekziorako produktu bereziak, ozono makinak, atomizagailuak… 

-          Garbiketa eta desinfekzio lan bereziak egin dira Sancti Spiritus Udal Egoitzan.

-          Etxez-etxeko arreta zerbitzua indartu egin da.

-          Gizarte Larrialdi Laguntzen (GLL-AES) partida handitu da, baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen eta familien beharrei erantzuteko. Daborduko 134 espediente baino gehiago tramitatu dira.

-          Egoera zaurgarrienean dauden eta behar gehien duten pertsonentzako oinarrizko hornidura osatu da, Gurutze Gorriarekin eta Kate Sarearekin lankidetzan. Hori egiteko, elikagaiak erosteko partida espezifikoa egokitu da.

-          Herritarren arretarako zerbitzuak konfinamendura egokitu dira, premiazko tramiteak egiteko.

-          Udaltzaingoko kide kopurua handitu da, bermeotarren segurtasuna zaintzeko eta herritarren artean kontzientziazio ekintzak gauzatzeko.

-          Norberaren Babeserako Ekipoak (NBE-EPI) erosi dira Udaleko langileentzat.

-          Babeserako 800 maskara baino gehiago banatu dira horren beharra izan duten Bermeoko establezimenduen artean.

-          ‘Etxeko bentanatik Bermiori kikuke!’ marrazki lehiaketa jarri da martxan.

-          Bermeo eta bertako euskara balioztatzera zuzendutako “Arrarik Arra” lehiaketa jarri da martxan.

-          ‘Aktiba zaitez… etxean!’ programa jarri da martxan, herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin.

-          Musika Eskolako banakako eta taldeko klaseak modu telematikoan emateko egokitu dira.

 

Herriko ekonomia biziberritzea, arintze fasearen eta ‘Nik, BermeON’ kanpainaren helburu nagusietakoa:

Pandemiari eusteko fase gogorrena gainditu ondoren, alerta egoera arintze fasean sartu den honetan, Bermeoko Udalak helburu bat markatu du: herriko ekonomia bultzatzea eta berrindartzea. Horretarako, zenbait neurri hartu eta hartuko ditu (neurri horietara 535.676 euro bideratu dira).

Orain arte indarrean jarri diren neurrien artean, hauek azpimarratu daitezke:

-          Egutegi fiskala berriro planteatzea eta egokitzea

-          Alarma egoeran eman ez diren zenbait zerbitzu ez kobratzea (Musika Eskolako tasa, kiroldegiko ikastaroak eta kiroldegiko kuota)

-     Alarma egoera dela eta establezimenduek itxita egon behar izan duten denboran alokairuak, emakidak eta okupazio tasak ez kobratzea udal jabari publikoan dauden merkatari, ostalari eta zerbitzu arloko enpresa guztiei.

-          Ostalaritzako terrazei dagokien tasa ez kobratzea, dekretuaren ondorioz negozioa itxita egon den epealdian.  

-          Beherapenak aplikatuko zaizkie zaborrak biltzeko tasan alarma egoera dela eta euren jarduera itxi behar izan duten negozioei.  

-          Herriko autonomoei eta enpresei zuzendutako aholkularitza zerbitzu espezializatua martxan jartzea, erakundeek ematen dituzten laguntzei eta horiek eskatzeko moduari buruzko informazioa izan dezaten.

 

Bertako kontsumoa bultzatzeko eta Bermeoko ekonomia berrindartzeko ekintzak:

Osasun arloko krisitik irteteak erronka kolektibo berria irekiko digu: krisi ekonomikotik irtetea, hain zuzen ere. COVIDa dela eta itxi diren negozioek eta eten diren jarduerek, gure herriko kaleak bizitzaz betetzen lagunduko duten zenbait talka-neurri eskatzen dizkigute.

Orain, denon esfortzuak batu behar ditugu, gure bihotza, Bermeoren motor ekonomikoa, martxan jartzeko. Enpresak, saltokiak, ostalaritza, ostatuak. Hau da, jarduera ekonomikoa sortzen duten pertsonak.

Horregatik, Bermeoko Udalak, herriko ekonomia berrindartzera zuzendutako zenbait ekintza definitu ditu:

-          Bermeo bonuak, herriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzu profesionaletan kontsumoa dinamizatzeko.

-          Ostalaritza sektorea modu berezian dinamizatzera zuzendutako jarduerak eta ekimenak, osasun arloko krisi honek gehien zigortu duen sektoreetako bat izan delako. Jarduera horien elementu nagusiak atunaren inguruko nortasuna eta bertako produktuaren kontsumoa izango dira.  

-          Herrian kontsumitzera bultzatzeko komunikazio kanpaina. Bermeotar guztiei dei egingo zaie, denok bultza egiteko eta gure merkataritzari, ostalaritzari eta negozioei laguntzeko.

 

Nik BermeON, gureari laguntzeko, hemen gastatzeko, gure jendearengan dugun konfiantza erakusteko, deia da. Eta baita bertako bisitaria, barruko turista, erakartzera zuzendutako ekimena ere, gure herrira etorri eta gure udalerriaren kultur, ondare eta gastronomia eskaintza paregabea eta berezia ezagutu dezan.

Aritz Abaroa Bermeoko alkateak adierazi duen bezala, “konfinamendua gainditu eta arintze fasean pauso sendoz aurrera egin ostean, gure kaleetako establezimenduek euren pertsianak zabalduko dituzte berriro. Baina ez dute bakarrik egingo. Bermeoko Udalaren helburua gure herriko merkataritza egitura balioan jartzea eta kontsumoa indartzea da”.

Horrela, urtean zehar gauzatuko diren eta bertako ekonomia bultzatzen lagunduko duten zenbait ekintza diseinatu dira. “Herritarrak herritik irten barik hornitzeko eta gozatzeko behar besteko eskaintza dauka Bermeok”, adierazi du Abaroak.

“Bermeo itsasoa eta mendia da. Bere herritarrak dira. Eta zelan ez, herriko kaleak bizitzaz betetzen dituzten bertako saltokiak ere”, adierazi du alkateak. Hori dela eta, udal gobernuak bertako kontsumoa sustatu gura du, eta hori da legealdiaren hasieratik izan duen helburu estrategikoetako bat. “Ekonomiaren ikuspegitik zalantzaz betetako egoera aurreikusten den une hauetan, Udalak are eta gogorrago egingo du lan, duela hilabete batzuk markatutako helburu hori benetan lortzeko. Eta, gainera, sektoreko profesionalen eskutik egingo dugu”, zehaztu du.  

Horretarako, herritarren inplikazioa beharko da, eta dei berezia egiten zaie, herrian kontsumitu dezaten, hori izango delako markatutako helburua lortzeko modu bakarra. Datozen asteetan zehaztuko dira Udaletik Bermeoko ekonomia berrindartzeko aurreikusitako ekintza guztiak.

Etorkizuna eraiki.

Gainera, Bermeoko Udalak, dekretuaren ondorioz ateak itxi behar izan dituzten herriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduei eta autonomoei zuzendutako beste lerro bat zabaldu du. Helburua, egungo krisiaren eragina murrizten ahalegintzea eta zulotik irteten laguntzea da. Horrela, Udalak laguntza ekonomiko zuzenak emango dizkio sektoreari, informazioa emango dio eta Bermeoko ostalaritzaren eta merkataritzaren egoerari buruzko diagnostiko zorrotza egingo du.

“Helburua ez da laguntza zuzenak ematera mugatzen, ekonomiari dagokionez zalantzaz beteta gauden une hauetan oso garrantzitsuak direla dakigun arren. Lehentasuna zutik jarraitzen laguntzea da, baina baita etorriko denerako prestatzea ere. Horregatik, profesionalei aurrera egiten, lekua aurkitzen eta modernizatzen lagunduko dien trebakuntza eskaintza diseinatzen ari gara. Horregatik, hain zuzen ere, ahalik eta diagnostiko zorrotzena egingo da, gaur egun sare hori zelan dagoen jakiteko, beharrak identifikatzeko, lehentasunak ezartzeko eta, horrela, gure eskaintza sektorearen benetako eskariei egokitu ahal izateko”, azaldu du Aritz Abaroak.      

19 / 05 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0