Albisteak

Albistea

Sukaldaritza erakustaldia, musika, umeentzako tailerrak eta Olentzero Bermeoko Gabonetako azokan abenduaren 17an, zapatuan

 

 

Bermeon Bertoko Produktuen Gabonetako Azoka egingo da abenduaren 17an, zapatuan, 9:00etatik 15:00etara, udal azokan. Bertan, gabon giroan, baserri eta itsasoko bertoko sasoiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Horrez gain, eskaintza berezia izango da, izan ere, sukaldaritza erakustaldiak eta Gabonetako menuen dastatzea, musika, umeen tailerrak eta taloa eta txorizoa jateko aukera egongo da. Gonbidatu berezi bat ere izango dugu azokan Olentzerok parte hartuko baitu umeen eskutitzak jasoz. 

Amaia Elorzak, Lurgintza zinegotziak; Ainhoa Maguregik, Berazel, Bermeoko Azokako Elkarteko, bozeramaileak, eta azokako merkatariek aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Bertoko Produktuen Gabonetako Azoka. 

30 saltoki inguru egongo dira azoka honetan bai merkatu barruan bai kanpoan, eta horietan lehen mailako gure produktuak eskuratzeko aukera izango dute bertaratutakoek: arrain freskoa, arrain kontserbak, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arrautzak, esne freskoa, sagardoa, txakolina, lorak, gaztainak, ogia, patea, gozoak… Olentzero ere azokan egongo da 11:00etatik 14:00etara  umeen eskutitzak jasotzen, eta umeentzako tailerrak ere egongo dira 11:00etatik 13:00etara. “Bertan ogia egiten ikasteko aukera izango dute modu dibertigarrian”, azaldu dute Elorzak eta Maguregik. 

Sukaldariak eta musika 

Gabonetako giroa, eta usaina ere  bai, nagusi izango dira bertoko produktuen azoka honetan. Hori lortzeko, sukaldariak egongo dira 12:30etik aurrera. Horrela, 12:30etik 15:00etara Gabonetako menuak dastatu ahal izango dira eta sukaldaritza erakustaldiak egingo dira. Horrez gain, Gabonetako menuak salgai egongo dira, “Ortutik” elkarte agroekologikoaren eskutik. 

Gabonetako argiek, apaingarriek eta musikak ere azoka girotuko dute. Izan ere,  musika eskolako haize taldeak, koroak eta Erroxapen abesbatzak bere abestiekin giro oso polita sortuko dute 11:00etatik 12:30era, azokaren barrualdean. 

Amaia Elorzak gogoratu dutenez, Bermeoko azoka indartzeko plangintzaren barne ekintza ezberdinak egin dira, eta horien artean azoka bereziak antolatu izan dira: Gabonetakoak, udaberrikoak eta udakoak. 

“Horrela, aurten ere Gabonetako azoka berezia antolatu da; alde batetik, Bermeoko azoka sustatzeko eta azokara adin guztietako pertsonak erakartzeko (gazteak, familiak, adinekoak…);  eta, beste alde batetik,  gure sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratzeko, horiek kontsumitzeak gure inguruko arrantzale eta baserritarren onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen duelako”, nabarmendu du. 

Azkenez, Maguregik eta Elorzak pertsona guztiak gonbidatu dituzte abenduaren 17an, zapatuan, Bertoko Produktuen Gabonetako Azoka honetara etortzera; “balio erantsia duten gure produktuak eskuratzeko aukera paregabea izango dugulako, eta aldi berean Gabonetako giro politarekin disfrutatu ahal izango dugulako”. 

 

 

 

12 / 12 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0