Albisteak

Albistea

Koreografiak, hitzaldiak, arraunaren txokoa, mendi ibilaldia eta Kalinpan, besteak beste, Bermeon, Euskararen Eguna ospatzeko

 

 

Euskararen Nazioarteko Eguna da abenduaren 3an eta hori ospatzeko egitarau zabala izango dugu Bermeon: ‘Miñen Puntiegaz’ abestiaren koreografia, hitzaldiak, arraunaren txokoa, umeentzako jokoak,  mendi ibilaldia, ikastetxeetako ekimenak…. Kalinpanek ere hainbat ekimenetan parte hartuko du euskaren eguna ospatzeko.

Horien guztien berri eman dute gaur prentsaurrekoan Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak; eta Maite Alvarezek, Euskara teknikariak. Eurekin batera egon dira Garbiñe Astoreka, Euskeraz Bizi Nahi dut (EBND) taldeko ordezkaria; José Luis Bilbao, Euskaraz Berbetan taldeko kidea; Maribi Larrinaga MB 2000 elkarteko kidea; Lexuri Markina, Eleizalde ikastolako ordezkaria; Sabino Bilbao, Sollube 707 elkarteko partaidea, eta David Avila, besteak beste.

Horrela, jakinarazi dutenez, bihar, azaroaren 22an, hasiko dira Euskararen Eguna ospatzeko ekimenak Bermeon; izan ere, David Avilak eta Chuserra Barriosek Aragoieraren egoerari buruzko hitzaldia eskainiko du Kabidxen arratsaldeko 19:00etan.

Hurrengo ekimena, abenduaren 1ean, barikuan, izango da; Euskeraz Berbetan taldeak antolatuta, Bermeoko Arrantzaleen Museoan 19:00etan Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistaren hitzaldia entzuteko aukera izango dugu.  Errekondo ezaguna da hainbat hedabideetan landare, lore, zuhaitz eta antzeko gaien inguruan parte hartzeagatik, hala nola, Argia aldizkarian eta Euskadi irratian.

Abenduaren 2an, zapatuan, Arraun taldeko gurasoek antolatuta, arraunaren txokoa izango dugu Lameran 11:00etatik 15:00etara. Bertan lau ergometro eta gabarra bat jarriko dira nahi duenak arraun egiteko. Horrez gain, traineru baten zati bakoitza euskaraz zelan esaten den azalduko da. Hortaz, zapatuan euskaraz arraunean egiteko aukera ederra izango dugu Bermeon.

Abenduaren 3an, domekan, Euskararen Egunean goizeko 9:00etan emango zaio hasiera ‘Euskaraz bizi nahi dut’ ekitaldiari, Portalen hasiko den mendi ibilaldiarekin. Sollube 707 et EBND-k antolatutako Ibilaldi honetan Bermeoko inguruak ezagutu ahal izango dira San Andres, San Migel, Artike eta Almika auzoetatik ibilbide interesgarria eginez.

Ondoren, MB2000ren eta EBNDen eskutik, Lameran 11:00etaik aurrera  umeentzako ekintzak izango dira, eta hainbat jokorekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Leku berean, 13:00etan,  ‘Euskarazi bizi nahi dut’ ekitaldi berezia izango dugu. Horretan, Berbalagunek antolatutako lehiaketaren sari banaketa egingo da, eta bertsolari, irrintzilari eta euskal musika entzuteko aukera izango dugu. Kalinpan ere, han izango da.

‘Miñen puntiegaz’ koreografia 

Ildo berean, Euskararen eguneko adierazpena irakurriko da eta parte hartzaile guztien argazkia egingo da. Era berean,  ‘Geuk eus’ euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpainaren barne, Bermeoko herriko  musika taldeetako 15 musikarik euskaraz dantzatzeko eta abesteko sortu zuten ‘Minen puntiegaz’ abestia, arrakasta handia izan duena gazte eta helduen artean. Hortaz, ‘Minen Puntiegaz’ abestiaren koreografia egingo da eta denok euskaraz abestu eta dantzatzeko aukera izango dugu.

Era berean, abenduaren 1ean eta 4an, barikuan eta astelehenean,  Bermeoko  ikastetxeetan antzerkiak, tailerrak, jokoak, ipuinak eta kultur ekintzak egingo dira, besteak beste, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Kalinpan ere ikastetxeetan ibiliko da euskara zabaltzen.

Banderolak

Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak, azaldu duenez, herriko hainbat eragilek antolatutako ekintzei esker, egitarau zabala egongo da Bermeon Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, eta guzti horietan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.

Ildo berean, abenduaren 2an eta 3an ‘Euskaraz bizi nahi dut’ banderola balkoietan jartzeko deia egin du. Banderola horiek Kultur etxean eta Berhaz bulegoan eros daitezke.

Azkenez,  Udal eta elkarteetako ordezkariek Euskararen eguna dela eta antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia egin die herritarrei, Bermeok euskaraz bizi gura duela adierazteko.

 

21 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0