Albisteak

Albistea

Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak Bermeoko zaharren udal egoitzan inbertsioak eta mantenu lanak egin ditu

 

 

Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak 2017an 62.528,57 euroko inbertsioak eta mantenu lanak egin ditu Sancti Spiritus Zaharren udal egoitzan kalitatezko zerbitzua bermatzeko. Gainera, Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Gizarte Ongizaterako Udal Patronatu presidente eragileak, gogoratu duenez, Bermeoko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren barne ere, herritarrek aukeratu zuten bigarren proiektua Sancti Spiritus Zaharren udal egoitzan konponketa lanak egitea izan zen.

Ibarrolazak azaldu duenez, hainbat dira udal zaharren egoitzan egindako lanak. Ildo horretan, zehaztu duenez, lan bertikalen bidez mantenu lan konplexuak egin dira fatxada guztian: egurra garbitu eta saneatu eta bernizatu. Era berean, teilatuko zorrotenak konpondu dira itoginak saihesteko eta teilatuko matxura guztiak konpondu dira baita ere lan bertikal horien bidez.

Horrez gain, Bermeoko udal zaharren egoitzan margotze lanak egin dira: portxea margotu da eta terrazako horma eta harrera guneko hormak ere bai. Etxebizitza komunitarioen kasuan, leiho guztiak aldatu dira isolamendua bermatuz, zaratak saihestuz eta tenperatura egokia mantenduz.

Ildo berean, langileentzat atseden gune bat egokitzeko lanak egin dira, eta udal zaharren egoitzarako beharrezkoa den materiala ere eskuratu da: hozkailua eta labe berriak sukalderako, gau mahai berriak logelatarako, esku ohialak… “Osasun materiala ere eskuratu da”, gaineratu du.

“Bermeoko udal zaharren egoitza egoera egokian mantentzeko beharrezkoak diren lanak egin ditugu, kalitatezko zerbitzua bermatzeko ezinbestekoak direlako eta aurten ere hainbat lan egiten jarraituko dugu zaharren udal egoitza era egokian mantentzeko ”, azpimarratu du Ibarrolazak.

 

27 / 04 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0