Albisteak

Albistea

Gaztelugatxeko fauna exotiko inbaditzailea kontrolatzeko hitzaldia eta auzolana azaroaren 9an eta 11n, hurrenez hurren

 

Bermeoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren laguntzarekin, Gaztelugatxen fauna exotiko inbaditzailea kontrolatzeko hitzaldia eta auzolana antolatu dituzte azaroaren 9an, eguenean, eta 11n, zapatuan, hurrenez hurren.

Antolatzaileek adierazi dutenez, ekimen horien helburu nagusia da gizarteari tokiko biodibertsitateak duen arazo garrantzitsuenetariko baten berri ematea, hau da, espezie exotiko inbaditzaileen sarrera eta haien eragina ekosistemetan. Horrez gain, lan zientifiko sakona herritarrekin elkarbanatu nahi da.

Horretarako, alde batetik, azaroaren 9an, eguenean, Ion Garin Barriok, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, ‘Gaztelugatxeko bioaniztasuna arriskuan: 10 urte Pitiusetako sugandilaren kontra’ hitzaldia eskainiko du Bermeoko Kultur etxean 19:30ean. Sarrera dohainik izango da.

Bestetik, azaroaren 11n, zapatuan, Gaztelugatxeko bioaniztasuna ezagutu eta fauna inbaditzailea kentzeko auzolana egingo da. Hitzordua goizeko 10:00etan izango da Eneperi jatetxeko aparkalekuan, eta gutxi gorabehera eguerdiko 13:00ak arte iraungo du. Gehienez 30 pertsonek parte hartu ahal izango dute; lehenengo izena ematen duten 30 pertsonek, hain zuzen ere.

Auzolana hasteko arazoaren berri emango da eta 90. hamarkadan Pitisusas-eko sugandila babestutako biotopo horretan sartu zenetik sorrarazi dituen ondorioak azalduko dira. Espezie horrek, paradoxikoki, bere sorterrian bizitzeko zailtasunak ditu, baina Gaztelugatxeko espezieengan eragina izan du, batez ere sugandila harkaitz-zozoarengan, Gaztelugatxetik kanpo bota duena.   

Aranzadiko zientzialariek Gaztelugatxen bertan azalpen labur bat emango dute, eta, zortea izanez gero, Gaztelugatxekoak diren baina hortik kanpo dauden sugandilak ikusi ahal izango dira. Horiek mehatxatuta dauden espezien euskal katalogoan sartuta daude; besteak beste, sugandila berde-beltza.

Horrez gain, Pitiusas-eko sugandila kontrolatzeko eta desagerrarazteko dauden zailtasunak azalduko dituzte. Ondoren, harrapatzeko hainbat teknika erabiliz Pitiusas-eko sugandilak harrapatuko dira.

Antolatzaileen esanetan, auzolan honetan pertsona guztiek parte hartu ahal dute; hala ere, kontuan hartu behar da espezie hori adituek soilik harrapatu ahal dutela, eta auzolan hau salbuespen bat dela herritarrei arazo horren berri emateko helburuarekin. Euria egingo balu, auzolana bertan behera geratuko litzateke.

Antolatzaileek parte hartzaileei arropa eta labaintzen ez duten oinetako erosoak, aldatzeko arropa eta ura ekartzea gomendatzen die. Materiala, garraioa eta derrigorrezko asegurua antolatzeko helburuarekin, ezinbestekoa da izena ematea 943-466142 telefonoan edo idazkaritza@aranzadi.zientziak. org helbide elektronikoan.

Gaztelugatxen fauna exotiko inbaditzailea kontrolatzeko beste auzolan bat egin zen joan den ekainaren 3an Bermeoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta, eta, interesa dagoela ikusita, berriro ere ekimen hori eta hitzaldia antolatzea erabaki dute. 

03 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0