Albisteak

Albistea

Domekan, urtarrilaren 26an, izango da Bermeoko XIX. Herri Lasterketa

  • Aurten batzen den dirua Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrerako izango da

Bermeoko Udalaren Kirol Sailak eta Taraska Gazte-Zahar taldeak antolatuta, domekan, urtarrilaren 26an, Bermeoko XIX. Herri Lasterketa egingo da. Lasterketa nagusia 11:00etan hasiko da, eta gutxi gorabehera 8 kilometro izango ditu.

Herri Lasterketa Bermeoko herritar guztiei zuzendutako kirol ekintza da, edonork parte hartu dezake. Herrian denok batera korrika egiteko “aukera paregabea” eskaintzen duen lasterketa dela dio Xabier Ortuzar Butron Kirol Saileko zinegotziak, eta azpimarratu du lasterketak ez duela konpetizio helbururik, “herrikoia” eta “soziala” delako.

Herri Lasterketaren helburuak hurrengoak dira: herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea, kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea, kirola herritarrei hurbildu, kirola ez dela federatuen gauza bakarrik adierazi eta aurreko urteetako lasterketei jarraipena ematea, korrikalarien artean erantzun ezin hobea izan duelako. 

Taraska Gazte-Zahar taldeko kide Ana Uriartek eman ditu Herri Lasterketaren xehetasunak. Gogorarazi duenez, aurten ere, adin tarteka banatutako 4 lasterketa egongo direla, eta denak Lameratik hasiko direla.

-Umeak (3-6 urte): 100 metro, 12:40an hasita.

-Txikiak (7-10 urte): 800 metro, 12:10ean hasita.

-Gazteak (11-14): 1.500 metro, 12:00etan hasita. Adin tarte honetako gazteek lasterketa nagusian parte hartu dezakete, pertsona nagusi baten ardurapean.

-Helduak (14tik gora): Gutxi gorabehera 8 kilometro, 11:00etan hasita.

Lasterketa nagusiaren ibilbidea honakoa izango da: Lamera parkea, Kai bidea, Artzako biribilgunea, Erroxape kaia, Artzako biribilgunea, Nardiz tar benanzio, Uhinurrategia, Nardiz tar benanzio, Arrantzaleen Kofradia, Arostegi, Nardiz tar Jon, Barbara Deuna, Intxausti, Arana tar Sabinen enparantza, Bidebarrieta, Talakoetxea, Baztarre, Aurrekoetxea,  Irakaskintza, Ongintza, Tala, Tonpoia, Talako Andra Mari, Kanposantua, Aritzatxu Bidea,  Matxitxako Bidea,  Bide Gorri,  Kiroldegia,  Landabaso industriagunea, Bizkaiko Jaurerria, Intxausti, Arana tar Sabinen enparantza,  Arostegi, Lamera parkea.

Nagusien lasterketa, 11:00etan hasi eta 12:00ak ingurura arte izango dela aurreikusten da. Hori dela eta, ordu tarte horretan, korrikalariak errespetatze aldera, ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiltzea eskatzen da.

XIX. Herri Lasterketan parte hartu gura dutenek Bermeoko Areneko kiroldegian izena eman behar dute, eta umeek ikastetxeetan izena emateko aukera dute. Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo da 10:30ak arte, hala ere, antolatzaileen lana errazteko, egunak lehenago izena ematea eskertzen dute. Ume, txiki eta gazteek euro bat ordaindu beharko dute, eta nagusiek, berriz, bi euro. Aurten, Herri Lasterketan batzen den dirua Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrak jasoko du, gelako ikasleen artean kirol praktika sustatzeko helburuz.

Korrikalari bakoitzari bere dortsala emango zaio izena ematen duenean, lasterketa egunean eraman beharko duena. Ume, txiki  eta gazteek ikastetxeetan jasoko dituzte dortsalak.

Lasterketa amaitzen denean, parte hartzaileek BM supermerkatuak prestatutako opari poltsa bana jasoko dute, eta Bermeoprint-en opariak ere banatuko dira parte-hartzaileen artean. Horrez gain, aurreko urteetan modura, korrikalariek dutxatzeko aukera edukiko dute Areneko kiroldegian eta Artza frontoian.

XIX. Herri Lasterketaren garapen zuzena eta segurtasuna bermatzeko honako hauek egingo dute lan: Taraska Gazte-Zahar taldeak, Izaro Bikers Moto elkartea, Bermeoko Kirol, Zerbitzu eta Udaltzaingo sailak, Herri Babesak, herriko boluntarioak eta Gurutze Gorriak. Halaber, lasterketaren laguntzaileak dira: Kutxabank, BM supermerkatuak, Festak.com, Bermeoprint, San Frantzisko Herri Ikastetxea, Sagrado Corazón ikastetxea, Eleizalde Ikastola eta Bermeoko Institutua.

Umeak, gazteak eta nagusiak kontuan hartuta, 701 korrikalari (336 neska eta 365 mutil) batu zituen Bermeoko XVIII. Herri Lasterketak. Iaz, 900 euro batu ziren, anonimo batzuk emandako dirua ere kontuan hartuta, eta Bermeoko Institutuko gela egonkorrera bideratu ziren, umeen artean kirol ohitura osasuntsuen sustapenera bideratzeko.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk herritar guztiak animatu ditu XIX. Herri Lasterketan parte hartzera, kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango delako. Era berean, antolaketa lanetan “gogor” lanean dabiltzan antolatzaile zein boluntarioen lana eskertu du.

20 / 01 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0