Albisteak

Albistea

Berbalagun egitasmoa. Lotsarikgabe

BERBALAGUN EGITASMOA BERMEON, #lotsarikgabe

 

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak aurten ere abian jarri du Berbalagun egitasmoa. Juan Karlos Agirre Euskara zinegotziak adierazi duenez, euskararen erabilera bultzatu eta indartzeko ekimenean barruan, egitasmoaren helburua da “euskara praktikatzeko aukera ematea eta berba egiteko aukerak zabaltzea eskolatik eta euskaltegietatik kanpo, lagunarteko giroan” eta aurten #lotsarikgabe mezuarekin dator, hau da, lotsatu barik berba egiteko mezua zabaldu gura dute. <s></s>

Aitziber Gabikaetxebarriak, Bermeoko Euskara Saileko teknikariak, Berbalagun egitasmoaren hamabigarren edizioa izango dela nabarmendu du, izan ere, “urtez urte aberastuz doan eta parte hartzaileen aldetik harrera oso ona daukan egitasmoa da”. Berbalagun egitasmoaren bitartez, euskaraz berba egin nahi duen edozein pertsona, <u>astean behin</u> lagunekin elkartzen da 5-6 laguneko taldean, eta, gustuko ekintzak eginez, euskaraz hitz egiten da.

Aurrekoaz gain, azpimarratu du “Berbalagun aisialdian egiteko egitasmoa dela, ez dela eskola bat, ez dagoela irakaslerik, ezta ikaslerik eta ondo pasatzeko formatua daukala. Modu ludiko eta natural batean, Berbalaguneko kideek sare eta espazio barriak bilatzen dituzte euskaraz egiteko, euskarara hurbiltzeko eta euskara praktikatzeko”.

Elkarlanaren ondorio den egitasmoa aurkezteko, udal ordezkariekin batera, bertan parte hartzen duten eragile hauek izan dira: Marimar Hernandez Berbalaguneko dinamizatzailea, Ibon Iturbe, Ianire Laiuno eta Iratxe Garmendia, Hizkuntza Eskola Ofizialeko, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko eta AEK euskaltegiko ordezkariak, hurrenez hurren.

Bertan azaldu dutenez, Berbalagunen parte hartzeko euskaraz berba egiteko <u>gogoa</u> baino ez da behar, euskara ikasten ari direnentzat eta euskaraz normalean hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta baitago. Horrela, Marimar Hernandezek azaldu duenez, aurtengo mezua iazko bera da,  #lotsarikgabe, izan ere, berbalagun taldeetan parte hartzen dutenek berba egiteko lotsa gainditzeko mezua. Hala diote bertan ibilitakoek, apurka-apurka hasten dira berbetan eta zenbat eta gehiago aritu, hainbat eta hobeto egiten dutela. Aurrerakuntza nabaria da, beraz.

Ildo horretan berba taldeen bitartez, “euskara erabiltzeko esparruak zabaltzen” dira. “Euskara ikasi arren hitz egiteko ohitura handirik ez duen jendea eta normalean hitz egiten dutenak batuz, harremanak estutzen dira euskaraz bizitzeko”. Aipatu egitasmoan parte-hartzea dohainik dela azpimarratu dute.

Baina, Berbalagun egitasmoaren barne ez dira berba taldeak soilik antolatzen. Horiez gain, hainbat ekintza osagarri egiten dira. Joan den ikasturtean esku lanak eta sukaldaritza tailerrak, argazki emanaldia eta tertulia, bisita gidatuak eta Korrikaren hasierara Urepelera irteera egin ziren, jostagintza tailerra ere antolatu zen Erroxaperekin batera, eta bertan egin zen tapakia zozketatu egin zen. Ekintzak jakitera emateko buletinak ere argitaratzen dituzte eta horien bidez Berbalagunen lehiaketetan parte hartu daiteke.

Ekimen horiek jendearen parte hartze garrantzitsua lortu zuten joan den urtean eta ekintza horiek eta antzekoak egingo dira aurten ere bai Berbalagunen barne, hala nola topaketak, ikastaroak, irteerak eta herriko beste eragile batzuek antolatutako ekintzetan parte hartuko dute, adibidez, Euskararen Egunean edo Euskaraz Bizi Nahi dut Egunean, Irakurle Txokoan… Horiez gain, aurten saiatuko dira partaideek eurek proposatutako ekintzat ere aurrera eroaten.

Berbalagun egitasmoaren barruan, iaz, Gurasolagun jarri zen martxan. Aurten ere jarraipena emango zaio gurasoen eta seme-alaben arteko transmisioa indartzeko eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartzeko helburuarekin. Ekimena ikastetxeekin elkarlanean bideratuko da. Horrela, Berbalagunen parte hartu nahi duten pertsona guztiek Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 7091) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 9122) deitu dezakete edota Marimar Hernandez dinamizatzailearekin 607 609 580 zenbakian kontaktatu.

Egitasmoa facebooken eta berbalagunen blogean ere jarraitu daiteke, han argitaratzen dira berri guztiak eta izena emateko aukera bertan dago eskura zuzenean.

19 / 10 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0