Albistea
Bermeon 2016an sortutako sastar kopurua %1,24a jaitsi da, eta azken hogei urteetako baliorik baxuenera heldu da, hau da, 4.803 tona sastar. “Horrek esan nahi du, zorionez, urtero bermeotarrek gero eta sastar gutxiago sortzen dugula, eta horri esker, Bizkaiko mailarik onenean gaudela (280 kilo sastar/biztanle)”, adierazi du Irune Ormaetxeak, Bermeoko Ingurumen zinegotziak.
Ildo honetan, gaineratu duenez, “hondakinen murrizketa hori, neurri handi batean, birziklapenaren igoeran oinarritzen da, epe berdinean hondakinen birziklapena beti gorantz joan delako”. Hala ere, Ormaetxeak adierazi duenez, “2016. urtean birziklapenak beherakada txiki bat izan du Bermeon, %1,51koa, hain zuzen ere, gehienbat beira gutxiago errekuperatu delako, eta horren arrazoia da, adituen esanetan, kontsumoa ez dela oraindik errekuperatu”.
“Dena den, Bermeon iaz guztira 1.509 tona hondakin errekuperatu ziren, hau da, hondakin guztietatik bermeotarrok %26a errekuperatzea lortu dugu”, nabarmendu du Ormatxeak.
Hala ere, Ingurumen zinegotziaren esanetan, hondakin frakzioen portaeran ezberdintasunak egon dira. Adibidez, 2015. urtearekin alderatuz, arropa bilketa zerbitzuak %11,28eko igoera izan du, eta guztira ia 41 tona arropa errekuperatu dira kaleko edukiontzien bitartez. Bolumen handiko hondakinen kasuan ere, igoera %8,37koa izan da eta 153 tona altzari eta etxetresna zahar bildu dira. Ontzien birziklapenean ere igoera bat egon da, %2,60koa, hain zuzen ere, eta guztira 279 tona ontzi batzea lortu da.
Beheranzko joera horretan gehien nabarmendu dena beira izan dela adierazi du Ormaetxeak. Joan den urtean 517 tona beira errekuperatu ziren, 2015ean baino 32 tona gutxiago; hau da, %5,86a beira gutxiago, batez ere, urte amaieran. Papera eta kartoiari dagokionez, jaitsiera %2,59koa izan da, eta guztira 508 tona batu dira, iaz baino 13 tona kartoi gutxiago.
Etxeko olioa zikinaren bilketan, %3,18ko jaitsiera izan da, baina, hala ere, iaz guztira 10 tona inguru olio biltzea lortu da. Olioaren kasuan, egoera hori hobetzeko, aurten supermerkatu batean olioa hori batzeko zerbitzua jarri da.
Bermeoko Udaleko Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, “garrantzitsua” da kontsumitzerako orduan “arduratsuak” izatea eta “jasangarritasunaren ikuspuntua kontuan hartzea: bertoko produktuak kontsumitu, gain-ontziratutako elikagaiak ez erosten saiatu, erosketarako orga, telazko poltsak erabili…”.
Horrez gain, esan duenez, “bermeotarrak birziklatzeko ohituran denborarekin orokorrean hobetzen joan gara”, baina “ez gara erlaxatu behar”, izan ere, “aurten beherakada txikia izan dugu”. Horregatik, “gaika birziklatzen jarraitu behar dugu gure ingurumena guztion artean zaintzeko”, adierazi du.
010 (94 617 91 00)