Albistea
Bermeo jaietan murgilduta dago eta asko dira hurrengo asteburuan Bermeok hartuko dituen ekitaldiak, besteak beste, Esne Beltza eta Ozhen taldeen kontzertuak, suziriak, esku pelota partiduak, baserri eta abere azoka erraldoia eta XXXV. Bermeoko Uria Ikurriña estropada. “Jaiak irailaren 7an hasi genituen eta giro polita izan dugu egun hauetan Bermeon, eta asteburuan giro ezin hobea espero dugu gure herrian; izan ere, asko baitira Bermeon izango ditugun ekimenak”, azpimarratu du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak.
Ildo horretan, azaldu duenez, bihar, irailaren 15ean, barikuan, gozatzeko aukera pila izango dira Bermeon. Horrela, XII. Alkartasuna Batel Estropada, kamiseta azoka eta Esku Pelota Partidu Nagusiak (Elezkano II- Irusta/ Elordi-Martija; Altuna III-Rezusta/ Iribarria-Zabaleta) izango dira.
Gainera, egun horretan danborrada, Aiarako Musika bandagaz izango dugu, eta azken horrek kalejira eta ekitaldia egingo du Gaztelun. Txosna gunean Salsa Cubana, Alkartasuna Dantza Taldea eta Swingtxakuren dantza saioarekin gozatzeko aukera izango dugu, eta gaueko 22:00etan Zaragozana Pirotekniaren eskutik suziriak izango dira.
Esne Beltza eta Ozhen taldeen kontzertuak
Festak aurrera jarraituko du Ozhen eta Esne Beltza taldeen kontzertuekin Lameran eta ondoren pintxada izango da txosna gunean. Gaueko tren zerbitzu bereziak eskainiko ditugu irailaren 15ean, barikuan.
Irailaren 16an, Santa Eufemia egunean, zapatuan, baserri giroko azoka eta abereen azoka izango ditugu, baina hainbat berrikuntzarekin; izan ere, aurten ohikoa izaten dena baino handiagoa izango da eta eszenatoki berriak ere hartuko ditu. San Frantzisko eta Segundo Ispizua kaleak trafikora itxiko dira azokak irauten duen bitartean.
Horrela, Lameran Baserri giroko azoka eta okela dastatzea izango dugu, eta San Frantzisko enparantzak honakoak hartuko ditu: V Oiloen erakusketa eta Euskal oiloaren Bizkaiko III. Txapelketa, Abereen erakusketa, poniak eta buzterriak nola egiten diren ere erakutsiko da. Horrez gain, Erriberan nekazaritzako makineriaren erakusketa bat egingo da.
Eguerdiko 12:00etan Udalbatza Santa Eufemia plazara abiatuko da Aiarako Musika bandak eta txistulariek lagunduta eta bertan Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia eta Aiarako musika bandaren saioa izango dira. Ondoren, hainbat omenaldi egingo dira, eta Balkoitik Balkoira bertso saio bereziarekin ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Goizean zehar, Minbiziaren Aurkako Elkarteak urteroko kanpaina egingo du.
Horrez gain, Santa Eufemia egunean 18:00etan, XXXV. Bermeoko Uria Ikurriña estropadarekin gozatu ahal izango dugu, bermeotarrok eta kanpotik datozen pertsona guztiak.
Ohikoa den moduan doluzko ibilaldia egingo da Xixiliri azken agurra emateko, gaueko 22:00etan. Ondoren, Xixili erreko da eta gaueko 22:30ean Ezetz taldearen dantzaldiarekin dantzan egiteko aukera izango dugu Lameran.
Aparkalekuei dagokienez, kanpotik datozenak hainbat aparkaleku izango dituzte, hain zuzen ere, Itsasoan galdutakoen Lameran (Pergola), Landabasoko gune industrialean, San Andres-en eta Matxikorta kaian. Horrez gain, Bermeoko azokako parking-aren ordutegia zabalduko da eta bihar, irailaren 15ean 23.00ak arte egongo da irekita eta irailaren 16an gaueko 00:00ak arte. Gaueko tren zerbitzu bereziak izango ditugu irailaren 15 eta 16an (www.euskotren.eus).
Bermeoko alkateak pertsona guztiak gonbidatu ditu Bermeora “musikarekin, kirolarekin, kulturarekin, eta baserri munduarekin, besteak beste, gozatzeko aukera paregabea egongo baita”.
010 (94 617 91 00)