Albisteak

Albistea

Arraun elkarteko gimnasioa berritzeko lanak hasi dira

  • Bitartean, Kofradia Zaharrera lekualdatu dute gimnasioa.

Bermeoko Udala Arraun Elkarteko gimnasioan lanak egiten hasi da. Hain zuzen ere, gimnasioko sabaia konpontzeko lanekin hasita daude, hezetasunengatik azala altxatuta eta jausten zegoelako. Gainera, teilatuan inpermeabilizazio lanak ere egingo dira, hezetasunarekin dauden arazoak konpondu asmoz. Gimnasioko hormak ere margotuko dituzte, eta modu horretara, gimnasioak aurpegi berritua izango du, hori baita arraunlariek gehien erabiltzen duten guneetako bat.

Arraun Elkartean lanak egiten dauden aste hauetarako irtenbide bat bilatu asmoz, San Pedro Kofradiakoekin harremanetan jarri zirela aipatu du Xabier Ortuzar Butron kirol zinegotziak, Kofradia Zaharra erabiltzeko baimena eman zutela nabarmenduta. Hala, joan den astean egin zen Arraun elkarteko gimnasioan dauden makinen lekualdaketa, eta hortaz, Kofradia Zaharrean izango dute gimnasioa lauzpabost astetan, hau da, Arran elkarteko gimnasioan egiten ari diren lanak amaitu bitartean. “Eskerrak eman gura dizkiegu San Pedro Kofradiako arduradunei euren inplikazio eta borondateagatik”, adierazi du.

Kirol zinegotziak azaldu du, udal gobernura sartu zirenean Arraun elkartea konpontzeko eskaera asko izan zituztela: “Eskaera guztietan esaten zen Arraun elkartearen egoera oso txarra zela, eta ondorioz, hainbat bisita egin ditugu gunera, eta orain arte, konponketa batzuk ere egin izan ditugu. Adibidez, sistema elektrikoa, hezetasunak, leiho batzuk, komunak eta txorrotak konpontzeko lanak egin ditugu. Konturatu ginen, sabaiaren azala altxatzen zegoela, eta aurten esku-hartze hau burutzea ipini dugu helburu modura. Gainera, aurrekontu parte-hartzaileetan bigarren geratu da Arraun elkartean hobekuntza lanak egitearen proposamena, eta herritarren nahiak lehentasun moduan finkatzen ditugu”.

04 / 02 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0