Albisteak

Albistea

Kate Sareak 'Denok batera' desfile solidarioa antolatu du bere 5. urteurrenean, azaroaren 24an, zapatuan, Artza Frontoian

 

 

Kate Sarea elkarteak, bere 5. urteurrenean, ‘Denok Batera’ desfile solidarioa antolatu du azaroaren 24an, zapatuan, 19:30ean, Bermeoko Artza Frontoian. Kate Sarea elkartea orain dela bost urte egoera txarrenean daudenei laguntzeko sortutako elkartea da eta, besteak beste, elikagaiak banatzen ditu beharrizanak dituzten familien artean. 

Mirenlur Santiagok, Kate Sarea elkarteko presidenteak, adierazi duenez, desfile honekin guztion arteko elkarlanaren bidez (elkarte, erakunde, enpresa, ikastetxe, komunikabide, herritarrak…) hainbat helburu lortu nahi dituzte. 

Alde batetik, herriko komertzioetan elikagaiak erosteko dirua lortu nahi da. Elikagai horiek, batik bat, beharrizanak dituzten eta Kate Sareak artatzen dituen umeei zuzenduta egongo dira. Bestetik, gaixotasun arraroak dituzten familiei laguntzeko ‘Eutsi Gogor Danok Batera” elkartera bideratzeko dirua lortu nahi da; ikerketarako eta familia horiei laguntzeko; izan ere, tratamenduek, ospitaleetara joan-etorriek, terapiek eta bestelakoek kostu handia dute. Azkenez, Bermeoko, herriko komertzioa sustatu nahi da, gure dendek eskaintzen dituzten kalitatezko produktuak erakutsi eta balioan jarri, tokiko komertzioa bultzatzeko xedearekin. 

Sarrerak 

Sarrerak bi motatakoak izango dira. Batetik, 8 eurokoak: sarrera, zozketa eta herriko bost komertzioetako promozioetan erabiltzeko bonoa. Bestetik, ezin duenak jaialdira joan baina lagundu nahi duenak 3 euroko eserleku zero bonoa eskuratzeko aukera izango du. Sarrerak azaroaren 15etik aurrera egongo dira salgai Luma liburu-dendan eta Artza Frontoiko leihatilan azaroaren 19tik 23ra 18:30etik 20:00etara eta azaroaren 24an 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era. 

Desfile solidario hau antolatzeko ehun pertsona baino gehiagok boluntario moduan lan egingo dute, modelo zein antolakuntza lanetan. Gainera, herriko 60 komertzio baino gehiagok parte hartuko dute (moda dendak, dekorazioa, ile-apaindegiak, estetika zentroak, inprentak…).

Kate Sareak desfile solidarioa antolatzeko laguntzaileak honakoak dira: Berton, herriko enpresa  ertain eta txikien elkartea; ‘Eutsi Gogor Danok Batera” elkartea, Bermeoko Udala, Gurutz Gorria, Bermeoko Herri Babesa, Artza Pilota elkartea, Seguros Bilbao, Eleizalde Ikastola, Sagrado Corazón ikastetxea, San Frantzisko Herri Ikastetxea, Busturialdeko Hitza, Itsuki irratia, Oizmendi telebista, Deia, BermeoPrint, Belaixe, Irudi, Luma liburudenda, herriko komertzioak (Bertonen kide direnak eta ez direnak baita ere) eta herriko boluntarioak. 

Kate Sareak eta Bermeoko Udalak herritar guztiak desfile solidarioa ikustera animatu dituzte, izan ere, “gure herriko komertzioen kalitatezko eskaintzaren erakusleiho paregabea izango da eta aldi berean beharrizanak dituztenei lagunduko diegu”.

14 / 11 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0