Albisteak

Albistea

Gaztelugatxeko fauna exotiko inbaditzailea kontrolatzeko auzolana ekainaren 3an, zapatuan

 

Bermeoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren eta Ekoetxearen laguntzarekin, Gaztelugatxen fauna exotiko inbaditzailea kontrolatzeko auzolana antolatu dute ekainaren 3an, zapatuan. 

Ekimen honen helburu nagusia da gizarteari tokiko biodibertsitateak duen arazo garrantzitsuenetariko baten berri ematea, hau da, espezie exotiko inbaditzaileen sarrera. Horrez gain, lan zientifiko sakona herritarrekin elkarbanatu nahi da.

Horretarako, Gaztelugatxeko San Juanen auzolana egingo da. Bertan, arazoaren berri emango da eta 90. hamarkadan Pitisusas-eko sugandila babestutako biotopo horretan sartu zenetik sorrarazi dituen ondorioak azalduko dira.

Espezie horrek, paradoxikoki, bere sorterrian bizitzeko zailtasunak ditu, baina Gaztelugatxeko espezieengan eragina izan du, batez ere sugandila harkaitz-zozoarengan, Gaztelugatxetik kanpo bota duena.   

Aranzadiko zientzialariek Gaztelugatxen bertan azalpen labur bat emango dute, eta, zortea izanez gero, Gaztelugatxekoak diren baina hortik kanpo dauden sugandilak ikusi ahal izango dira. Horiek mehatxatuta dauden espezien euskal katalogoan sartuta daude; besteak beste, sugandila berde-beltza.

Horrez gain, Pitiusas-eko sugandila kontrolatzeko eta desagerrarazteko dauden zailtasunak azalduko dituzte. Ondoren, harrapatzeko hainbat teknika erabiliz Pitiusas-eko sugandilak aterako dira.

Antolatzaileek adierazi dute auzolan honetan pertsona guztiek parte hartu ahal dutela. Dena den, kontuan hartu behar da espezie hori adituek soilik harrapatu ahal dutela eta auzolan hau salbuespen bat dela herritarrei arazo horren berri emateko helburuarekin.

Hitzordua ekainaren 3an, zapatuan, goizeko 10:00etan izango da Eneperi jatetxeko aparkalekuan, eta gutxi gorabehera eguerdiko 13:30ak arte iraungo du. Gehienez 30 pertsonek parte hartu ahal izango dute, lehenengo izena ematen duten 30 pertsonek, hain zuzen ere.

Antolatzaileek parte hartzaileei arropa eta labaintzen ez duten oinetako erosoak, aldatzeko arropa eta ura ekartzea gomendatzen die. Materiala, garraioa eta derrigorrezko asegurua antolatzeko helburuarekin, ezinbestekoa da izena ematea ekainaren 2ra arte (17:00ak arte) 943-466142 telefonoan edo idazkaritza@aranzadi.eus helbide elektronikoan.

16 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0