Albistea
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna Udalaren helburu izanik, Bermeoko Udala emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna plana egiten ari. Horretarako, momentu honetan gaur eguneko egoeraren diagnostikoa egiten ari da eta, lan hori egiteko, herritarrek berdintasunaren inguruan duten ikuspegia jaso gura nahi da.
Horrela, herritarrei zuzenduta galdetegi batzuk jarri dira webgunean eta, Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, herritar guztiak galdetegi horiek betetzera animatu ditu maiatzaren 14tik 27ra; izan ere, “berdintasuna lortzeko eta jendartea eraldatzeko guztion inplikazioa beharrezkoa dugu”. Galdetegi horiek www.bermeo.eus webgunean Berdintasuna saretzen izeneko kutxan ikusi eta bete ahal dira: ( https://goo.gl/forms/wkzlfhKER7otB8aF2 eta https://goo.gl/forms/AwLicwSjo8fHv5TA2)
Bidegurenek azaldu duenez, “genero-ikuspuntua txertatzea, nazioartean eta Europan gomendatzen den lan-estrategietako bat ez ezik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko euskal herri-aginteen jarduera zuzendu eta orientatu behar duten printzipio orokorretako bat ere bada”.
Hori dela eta, azpimarratu duenez, Bermeoko Udalak “beste bultzada bat eman gura dio emakumeen eta gizonen berdintasunari”. Horretarako, bere esanetan, “lehenik eta behin, gaur eguneko egoeraren diagnostikoa egiten ari gara; hau da, berdintasunaren inguruan orain arte egindako lana ebaluatu, eta gaur eguneko egoera aztertu”.
Berdintasuna saretzen
Horrekin batera, nabarmendu duenez, “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Udal Plana egingo dugu, ‘berdintasuna saretzen’ deitu dioguna”. “Berdintasun Planean jasoko dira, batetik, hurrengo urteetan berdintasunaren alorrean jorratu nahi diren helburuak, eta, bestetik, helmuga horietara heltzeko zehaztutako ekintzak”, azaldu du Bermeoko alkateak.
Hori guztia egiteko, esan duenez, Udalari eta udalerriari buruzko datuak eta informazioa bildu dira eta Bermeoko talde feministekin eta emakumeen taldearekin batzar batzuk egin dira. “Horrekin batera, Udaleko langileek eta herritarrek berdintasunaren inguruan duten pertzepzioa eta ikuspegia ere jaso gura dira”, gaineratu du.
Horretarako, Udalak galdetegi bat jarri du bere webgunean eta hori herritar guztiek bete ahal izango dute, maiatzaren 14tik 27ra bitartean, eta emandako erantzunak erabat anonimoak izango dira. “Galdetegiaren bidez jasotako informazioa oso baliagarria izango da berdintasunak gaur Bermeon daukan tokia ezagutzeko eta aurrera begirako erronkak zehazteko”, esan du Bidegurenek. Horrela herritarrak galdetegi horiek betetzera animatu ditu “guztion proposamenak eta parte-hartzea ezinbestekoak direlako”.
Gainera, jakinarazi duenez, bi saio ireki egingo dira herritarrekin. Lehenengoan, diagnostikoa aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasoko dira. Bigarrenean, ostera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Udal Plana landuko da, herritarrekin batera.
“Lan horiek guztiak amaitutakoan, Bermeoko Udalak herritar guztien arteko berdintasuna bermatzeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan tinko jarraitzeko oinarri-oinarrizkoa izango den baliabide bat edukiko du: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Udal Plana”, azpimarratu du.
010 (94 617 91 00)