Albistea
Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio ontzien edukiontzien (horiak) bilketa zerbitzua hobetzeko eta horren gabeziak zuzentzeko; izan ere, Garbiker enpresa foralak kudeatzen du zerbitzu hori Bermeon eta Bizkaiko udalerri gehienetan. Horrela, gai horretaz aritzeko bilera bat eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari.
Benito Ibarrolazak, alkateorde eta Zerbitzuetako zinegotziak, azaldu duenez, herritarrek edukiontzi horiei buruz dituzten kexak ugariak dira: hustuketa maiztasunak eskasegiak direla eta sarritan edukiontzi asko gainezka daudela; orokorrean oso gutxitan garbitzen direla, eta edukiontziak ez daudela lurzorura ondo lotuta, hortaz, haizeak gogor joten duen lekuetan, kalteak eta arriskuak sortzen dituztela.
Ibarrolazak adierazi duenez, arazo horiei aurre egiteko, 2016ko apirilaren 20an “udal teknikariek eta zinegotziek bilera bat izan genuen Garbiker enpresaren arduradunarekin, eta bertan erakunde bien arteko konpromiso batzuk finkatu ziren zerbitzua hobetzeko”. “Hala ere, urtebete eta piku igaro ondoren, ikusi dugu goian aipatutako arazoak ez direla, zoritxarrez, behar den moduan bideratu”, nabarmendu du.
Horregatik guztiagatik ontzi bilketa edukiontzien zerbitzuaren “gabeziak zuzentzeko” eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari, eta bilera bat eskatu dio gai horiei buruz “zuzenean hitz egiteko eta arazo horiei konponbidea aurkitzeko”.
Ibarrolazak gogoratu duenez, 2000ko otsailaren 2an Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bermeoko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu zen ontzien eta erabilitako ontzien hondakinen gestioari buruz, eta hitzarmen hori indarrean dago, baina, Ibarrolazaren esanetan, “beharrezkoa” da Bizkaiko Foru Aldundiak kudeaketaren “gabeziak ahalik eta arinen konpontzea herritarrei kalitatezko zerbitzu bat eskaini ahal izateko”.
010 (94 617 91 00)