Albistea
Bermeoko Madalen jaietan tradizioa eta festa batuko dira aurten ere uztailaren 21ean eta 22an. Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azaldu duenez, Izaro protagonista duen jai honetan herrikoak zein kanpotik datozenak “gure tradizioarekin eta festarekin disfrutatzeko aukera izango dute”. Aurten itsasora jaurtiko den teila berezia izango da, izan ere, Juanjo Bereciartua artista bermeotarrak margotutako teila ederra izango da.
Bidegurenek Madalen jaiak aurkeztu ditu gaur prentsaurrekoan Aingeru Astuirekin, Kultura zinegotziarekin, batera. Bermeoko alkateak adierazi duenez, aurten ere, uztailaren 22an, Bermeoko Udalak, antzinatik egin ohi duenez, Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak adieraziko ditu. Horretarako, betiko moduan, alkateak teila botako du honakoa esanez: ‘Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak‘.
Aurten teila berezia izango da, Juanjo Bereciartua bermeotarrak margotutako teila izango baita itsasora jaurtiko dena. Bereciartuak Bermeoko herriari egun horretan itsasora jaurtitzeko dohaintzan eman dio teila hori. Bidegurenek azaldu duenez, Juanjo Bereciartuak teiletan irudi ezberdinak margotzen ditu: eskuak, paisaiak… baina, Madalen egunerako, teila honetan Bermeoko Izaro irla margotu du, Izarok bermeotarrontzat duen garrantziagatik, batez ere Madalenatan; izan ere, Bermeo Izaroraino heltzen dela berresten dugu urtero. Alkateak eskerrak eman dizkio Bereciartuari Madalen egunerako margotutako teila ederragatik.
Bermeoko Udalak zortzigarren urtez Madalen Egunean herritarrak eurekin itsasontzian Izarora eta Elantxobera joateko plazak zozkatu ditu herritarren artean. “Ekimen horrek harrera oso ona izaten du”, azaldu du. Era berean, egun horretan Mundaka eta Elantxobeko ordezkariak eta erakunde ezberdinetako ordezkariak gonbidatu ditu Udalak, festa hau elkarrekin ospatzeko.
Madalen bizpera
Madalen bezperan Baztarre kaleko jaiak ospatuko dira. Festa goizeko 10:30ean hasiko da txokolatada eta umeen jokoekin. Umeek goiz guztian zehar (11:30-13:30) gozatzeko aukera izango dute Baztarren, El Tenderete taldearen txotxongiloekin eta ipuin kontalariarekin, besteak beste.
14:00etan marmitxe jateko aukera egongo da. 18:30etik aurrera Kankinkabara txistu taldearen kalejirak giroa alaituko du, eta 19:30ean, Bermeotarren fanfarrearen 40. urteurrena ospatzeko dantzaldi berezia egongo da Baztarren (balsak, boleroak, pasodobleak…).
21:00etan Kubatik datorren ‘Jade bikotearekin’ disfrutatzeko aukera izango dute Baztarrera bertaratzen direnek eta jaiak aurrera jarraituko du gaueko 22:00etan Garrafoie, Mamushka, Rukula eta Urgatz taldeen kontzertuekin. Jai horiek Baztarreko jai batzordeak antolatzen ditu Bermeoko Udalaren laguntzarekin.
Horrez gain, Haitz Nagusije Auzo Elkarteak antolatutako XII. Madalen bezperako bazkaria izango da Bermeoko Kafe Antzokian. Parte hartu nahi dutenentzat izena ematea Lezamiz botikan izango da. Kanta Kanta Lorue ekimenaren bidez, lagun artean, Goiko plaztik Torronterora kantuan egongo dira herriko kaleak alaituz arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Madalen Eguna
Madalen egunari dagokionez, goizean kalejira egongo da Kankinkabara txistu taldearekin. 11:50ean Udalbatza Goiko plazan batuko da eta, ‘Alkate soinua’ entzun ostean, porturantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldearekin kalejiran. Txistulariek Madalen zortzikoa joko dute. Udalbatzak itsasontzietaraino ibilaldia egingo du honako tokietatik: Etxebarria Tar Kresentzi, San Migeleko eskilarak, Lamera eta Portuzaharra.
12:00etan itsas jaia hasiko da. Ontziratze eta lehorreratzea izotz fabrikaren parean izango da. Ondoren, Bermeoko Udalak herriko banderaren eta ikurrinaren jasoera egingo du Izaro uhartean eta alkateak, ohikoa den legez, teila jaurtiko du Bermeoren mugak berretsiz.
Eguerdiko 13:30ak inguru, Elantxobera helduko da eta ohorezko aurreskua egingo da, herriko plazan, Alkartasuna dantza taldearen eskutik. 18:00etan Elantxobetik irtengo da, Mundakara joateko eta arratsaldeko 19:30ak inguru helduko dira Bermeora. Portutik Udalbatza, txistulariak lehenengo eta ondoren Bermeotarrak Fanfarreak lagunduta, Goiko Plazaraino abiatuko da. Bermeoko bandera eta ikurrina altxatu eta gero, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira. Ondoren, Bermeotarragaz Fanfarrearekin beherakada San Migeleko eskailerataraino. Portuan giro izugarria izango dugu Portuko Sorgine Elkarteak musikaz girotuko baitu gaueko 12:00ak arte.
Madalen jaietan guztiok ondo pasatzeko aukera izango dugula nabarmendu du alkateak. “Adin guztietako bermeotarrok eta kanpotik datozenak festarekin eta tradizioarekin gozatzeko aukera izango dugu, eta pertsona guztiak errespetuarekin jaian parte hartzera eta edertasun paregabea duen gure ingurua bisitatzera gonbidatu nahi ditut”, azpimarratu du alkateak.
Madalenak segurtasun neurriak
Bestalde, guztion segurtasuna bermatze aldera, Bermeoko Udalak, Madalen Egunean, uztailaren 22an, itsas jaian parte hartuko duten itsasontziei indarrean dagoen araudiak jasotzen dituen segurtasun neurriak betetzeko eskatu die.
Bermeoko Udalak gogoratu dutenez, araudiak honako neurriak jasotzen ditu: itsas jaian ezin izango dute parte hartu lau metroko luzera baino gutxiago duten itsasontziek, belaz nabigatzen ari diren itsasontziek, arraunez mugitzen diren itsasontzi edo tresnek (piraguak, kayak, paddle surf tablak…), ezta ere beste era bateko ur gaineko tresnek.
Horrez gain, itsasontzietako aforoa errespetatu behar dela adierazi dute. Era berean, Izaro inguruan, alkateak teila botatzen duen momentuan, itsasontziei euren arteko distantziak errespetatzeko eskatu die.
Ildo berean, gogoratu dutenez, “itsasontziek seguruak eguneratua, dokumentazioa behar bezala eta salbamendu eta segurtasun baliabideak eguneratuta izan behar dituzte”. “Itsas zirkulazio eta segurtasun arautegia ere bete behar dute”, gaineratu dute.
Era berean, araudiak ezartzen duenez, “kaian atrakatzeko eta irteteko maniobrak pixkanaka egingo dira, gertu dauden itsasontzien aldibereko maniobrak saihestuz”. “Bidaian, ontzian edo beste ontzi batean dauden pertsonen segurtasuna arriskuan jarriko duen maniobrarik ez da egingo”, gaineratzen du. Segurtasun koordinatzaileak itsasontziei abisuak emateko 14. Kanala erabiliko du.
“Garrantzitsua da neurriak betetzea jaietan segurtasuna bermatzeko eta jaia jai giroan amaitzeko”, adierazi du Bermeoko Udalak.
010 (94 617 91 00)