Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalaren musika eskolak musika instrumentuen bankua sortu du, horiek Siriako musika eskoletara bidaltzeko

 

Mugarik Gabeko Musikariak GKErekin sinatutako lankidetza-hitzarmena dela medio, Bermeoko Udalaren musika-eskolak instrumentuen bankua sortu du, herritarrek erabiltzen ez dituzten musika-tresnak dohaintzan eman ditzaten. Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, azaldu duenez, “helburua musika munduko txoko guztietara helarazten laguntzea da; hartara, garatze bidean dauden herrialdeetako baliabide eskaseko umeak integratzeko tresna bihurtuko da musika”. 

Horrela, Bermeon batzen diren instrumentuak Siriako musika-eskoletara bidaliko direla adierazi du. Hortaz, nahi duten enpresek eta norbanakoek musikarekin lotutako materialak dohaintzan eman ahal izango dituzte instrumentuen bankuan. 

Musika instrumentu horiek Bermeoko Udalaren Musika Eskolaren egoitzara (Irakaskintza z/g) eraman ahal izango dira  abenduaren 20ra arte. Ordutegia honakoa da: 12:00-13:30 eta 17:00-20:00. 

Orkestra sinfonikoa osatzen duten tresnak edo horien osagaiak (arkuak, kokotsari eustekoak, hariak…) eman daitezke dohaintzan, eta baita beste  musika tresna batzuk ere: teklatuak, pianoak, gitarrak eta akordeoiak. 

Astuik azaldu duenez, instrumentu horiek Siriako musika eskoletan musika irakasteko erabiliko dira. “Baliabide gutxi duten pertsonak arteetan heztea da helburua, gerraren izugarrikeriak ahazten laguntzeko”, nabarmendu du. 

Instrumentua oso handia bada eta musika eskolara eraman ezin bada, nola eman hitzartu ahalko da, ehme@ehme.eu  helbidera idatziz edo 605709530 telefono zenbakira deituz. Astuik herritar eta enpresak ekimen honetan laguntzera animatu ditu.

 

        

 

 

 

05 / 12 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0