Albistea
-Eskabidea aurkezteko epea 2022ko apirilaren 1ean (barne) bukatuko da eta, guztira, 274.852,96 euro bideratuko dira laguntzetara
Bermeon, 2022ko urtarrilaren 17an.- Busturialdeko udalek, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak eta Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza Garapen Agentziaren bitartez, enplegua sustatzeko eta, honenbestez, eskualdeko garapen ekonomikoa indartzeko, enpresei bideratutako diru-laguntza lerroa kaleratu dute. Eskabidea aurkezteko epea 2022ko apirilaren 1ean (barne) bukatuko da eta, guztira, 274.852,96 euro bideratuko dira laguntzetara.
Honela, diruz lagunduko diren kontratuen iraupena 3 eta 6 hilabete bitartekoa izango da (hala ere, kontratuen iraupena 6 hilabetetik gorakoa ere izan ahalko da. Hori bai, Udalak bakarrik lehenbiziko 6 hilabeteak diruz lagunduko ditu gehienez) eta, gutxienez, % 50eko lanaldiarekin. Edozein kontratazio-modalitateren bidez formalizatu ahal izango da, prestakuntza eta ikaskuntza kontratuak izan ezik.
Diru-laguntzaren zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da gehienez kontratua lanaldi osokoa eta 6 hilabetekoa denean, beti ere, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa eta Busturaialdean erroldatuta dagoen pertsona bat kontratatzean (soldata-kostuaren % 75, gehienez).
Diru-laguntzaren zenbatekoa 9.000 eurokoa izan daiteke gehienez, lanaldi osoko 6 hilabeteko kontratuagatik. Kontratatua, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetako pertsona, Busturialdean erroldatutakoa eta Lanbideko enplegu-eskatzaile gisa agertu behar da, oinarrietan jasotzen den moduan. Kasu horretan, soldata-kostuaren % 100era arteko diru-laguntza eman ahal izango da.
Bi kasuetan, kontratazioa lanaldi partzialekoa edo 3 eta 6 hilabete artekoa denean, diru-laguntza lanaldiaren eta/edo lan egindako denboraren proportzionala izango da. Oinarrien arabera, toki-erakundeek gutxienez emakumeen % 40ren kontratazioa bermatu beharko dute. Gainera, kontratazio horiek direla-eta, laguntza % 10 handituko da.
010 (94 617 91 00)