Albisteak

Albistea

Busturialdeko I Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa barikuan Bermeon

Busturialdeko I. Enpresa Ideia lehiaketaren sari banaketa izango da barikuan, abenduaren 19an, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan eguerdiko 13:15ean. Idurre Bidegurenek eta Jose María Gorroñok Bermeoko eta Gernikako alkateek, hurrenez hurren, Maitane Leizaolak, Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol zuzendariak, eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariek, besteak beste, parte hartuko dute ekitaldi horretan.  

‘Busturialdeko I. Enpresa Ideia Lehiaketa" Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Gernika-Lumoko eta Bermeoko udaletako gazteria zerbitzuekin batera, jarri du martxan eta bere helburuak enplegua sortzea eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea dira. 

Lehiaketara 24 enpresa eta enpresa ideia aurkeztu dira eta hiru sari banatuko dira. Lehenengoak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 euro eta lehen sektoreagaz zerikusia daukan ideiarik onenak 1.000 euro, aurreko sarietan ez bada saritua izan. 

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Leire Bidaguren Gernika-Lumoko Udaleko Gazteria zinegotzia, Joseba Mallea  Urremendi Landa Garapen Elkarteko gazteria ordezkaria eta Gaztedi Busturialdeako ordezkaria, Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Merkataritza, Sustapen eta Turismoko zinegotzi delegatua eta Amaia Igarzabal HAZIko Landa Garapenerako teknikaria. 

Baloratzerako orduan, honako irizpide honeek kontuan hartu dira, besteak beste: proposamenaren izaera berritzailea, balio erantsia edota originaltasuna; proiektua bideragarria izatea, teknikoki, ekonomikoki eta merkatura begira; enplegua sortzeko daukan potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea edota Busturialdeko eskualdean proiektua aurrera eramateko aukera.  

Lehiaketa barri honetan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izan dute, beti be aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatuta. "Busturialdeko I. Enpresa Ideia Lehiaketa" honen helburuak, ekintzailetza kultura hedatu, Busturialdean lana eta aberastasuna sortu, eskualdeko ekonomia sustatu eta enpresa proiektu onenak saritzea dira. Lehiaketa Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatuta dago, ‘Lana bilatzea, lana da’ programaren barne.

 

 

 

17 / 12 / 2014

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0