Albisteak

Albistea

Ibarrolaza: "Ezinbestekoa da Bermeok suhiltzaile talde finko bat izatea, 2013tik Alde Zaharrean 20 sute egon baitira"

Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Udalaren eskaerari baiezkoa erantzutea eta “ahalik eta arinen” jartzea espero du Ibarrolazak

 

 

 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzu eta Udaltzaingoaren zinegotzi delegatuak, azpimarratu duenez, Bermeorentzat “ezinbestekoa” da suhiltzaile talde finko bat izatea; izan ere, 2013. urtetik gaur arte, Bermeoko Alde Zaharrean 20 sute izan dira”. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Udalaren “eskaerari baiezkoa erantzutea” eta “ahalik eta arinen Bermeon suhiltzaile talde finkoa” jartzea espero duela adierazi du.

Ibarrolazak adierazpen horiek gaur egindako prentsaurrekoan egin ditu. Bertan, domekan, martxoaren 26an, Bermeoko Alde Zaharreko Santa Maria elizak izandako suteari buruz hitz egin du. Bere esanetan, “domekan, berriro ere, sustoa izan dugu Alde Zaharrean, baina, zorionez, sutea ordu pare batean kontrolatua egon da, eta ez da zabaldu beste eraikin batzuetara. Horrez gain, ez da zauriturik egon”.

Ildo honetan, azaldu duenez, Santa Maria elizako sutea 10:50ea  inguru hasi zen elizako galdaratan eta lehenengo solairura zabaldu zen. Udaltzaingoak  jarraian SOS Deiak-era deitu zuen eta suhiltzaileen lau kamioi etorri ziren, Gernikatik eta Trapagatik, hain zuzen ere. 12:30ak bueltan sutea kontrolatuta zegoen.

Ibarrolazak azaldu duenez, “suhiltzaileek gutxi gorabehera 20 minutu behar izaten dituzte Gernikatik Bermeora heltzeko; eta, denok dakigun bezala, sute batean lehenengo minutuak oso garrantzitsuak dira suaren kontra egiteko”.  “Gainera, Alde Zaharrean suak arrisku gehiago ditu, izan ere, kaleak estuak dira, etxeak bata bestearen ondoak daude, egurrezkoak …”, gaineratu du.

2013tik 60 sute Bermeon

Alkateordeak adierazi duenez, “Bermeon 2013. urteko apirilaren 11ko Alde Zaharreko sute larritik eta gaur arte, Alde Zaharrean 20 sute izan ditugu, eta 40 herriko beste leku batzuetan. Guztira 60”, adierazi du. “Aipatutako datuek agerian uzten dute Bermeok behar beharrezkoa duela suhiltzaileen talde finko bat izatea”, aldarrikatu du.

Horrela, gogoratu duenez, iaz, 2016ko martxoaren 21ean, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari (BFA) eskatu zion Bermeon suhiltzaile talde finko bat jartzeko. Ildo berean, taldea osatzen den artean, Bermeoko Herri Babesa taldearen lanari laguntzeko, Bizkaiko Foru Aldundiari hurrengo baliabideen lagapena eskatu zizkion: moto-bonba kamioi txiki bat, eskaladun kamioi txiki bat, lur orotarako ibilgailu arin bat eta ekipo autonomoak. Aurten, berriro ere, martxoaren 21ean eskaera berdina luzatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari.

Bermeoko alkateordeak adierazi duenez, “oraingoan” Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Udalaren eskaerari “baiezkoa ematea” espero dute; eta “ahalik eta arinen, 3-4 suhiltzaile eta kamioi batekin, besteak beste, osatutako talde finkoa osatzea Bermeon”. “Herriaren eta herritarren segurtasuna bermatzeko guztiz beharrezkoa dela uste dugu”, nabarmendu du.

Nahiz eta eskaera hori idatziz bidali dion Udalak Foru Aldundiari, atzo Gobernu Batzordeak erabaki duenez, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari batzar bat eskatuko dio gai honetaz berba egiteko, datuak lehen eskuz emateko eta akordio batera heltzeko helburuarekin.

Azkenik, Ibarrolazak suhiltzaileen “profesionaltasuna eta lan ona” goraipatu du, eta Bermeoko herrian duten “prestigioa” nabarmendu du. “Euren lana ezinbestekoa da, eta Bermeon talde bat izatea beharrezkoa da guztion segurtasuna bermatze aldera”, nabarmendu du.

28 / 03 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0