Albistea
Bermeon, 2022ko abuztuaren 9an.- Bermeoko Galerna Taldeak, Udalaren laguntzarekin batera, Galerna Eguna antolatuko du abuztuaren 12an. Helburua da 1912ko galernan Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan zeuden eta bizia galdu zuten 143 arrantzaleak -euretatik 116 bermeotarrak- omentzea. Besteak beste, ezbehar hau gogorarazteko lora-eskaintza eta prozesioa egingo dira.
1912ko galerna XX. mendeko lan istripurik handiena izan zen gure mugetan eta, hori dela eta, 110 urte betetzen direnean, Bermeoko herriak arrantzale horiei guztiei eta euren bizia aurrera atera behar izan zuten familiei omenaldi txiki bat egingo die. 21:00etan hasiko da abuztuaren 12ko ekitaldia Olatu moilan Kankinkabara Txistu Taldearekin batera egingo den prozesioarekin. Ondoren, Serrats kontserberak kandelak banatuko ditu.
Bermeoko 1912ko galernan hildako 143 arrantzaleak omentzeko, itsasontzi tradizionalak uretaratuko dira eta gaueko 21:30ean itsasontzien prozesio isila egingo da. Azkenik, ordu horretan bertan, lora eskaintza egingo da ekitaldi hunkigarri batean. Pertsona guztiak ekitaldi honetan parte hartzera gonbidatuta daude “gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoarekin dugun lotura gogoratzeko”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.
010 (94 617 91 00)