Albisteak

Albistea

Bost enpresa berrik euren ateak zabaldu dituzte Lokalbide programari esker

-Programa honek, besteak beste, bi helburu nagusi ditu: herriko Alde Zaharra dinamizatzea eta ekintzailetza sustatzea

-“Oso pozik gaude emaitzekin eta 2022an ere jarraipena ematea aurreikusten dugu”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak

Bermeon, 2022ko urtarrilaren 21ean.-  Lokalbide programak bere lehen fruituak eman ditu. Izan ere, Bermeoko Udalak 2021ean martxan jarritako programa honi esker bost negoziok euren ateak zabaldu dituzte Bermeoko Alde Zaharrean. “Oso pozik gaude programaren emaitzekin eta 2022an ere jarraipena ematea aurreikusten dugu. Programaren helburu nagusiei erantzuna ematea lortu dugu eta jarraitu beharreko bidea zein den garbi dugu”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Programa honek, besteak beste, bi helburu nagusi ditu: herriko Alde Zaharra dinamizatzea eta ekintzailetza sustatzea. Honela, ekimen honen bitartez, negozioak martxan jartzeko baldintza jakin batzuk betetzen dituzten herriko Alde Zaharreko lokal hutsak identifikatu dira udaletik, jabeei programara atxikitzeko proposamena egin zaie eta atxikitutako lokal hauek ekintzaileen eskura jarri dira, euren negozioak bertan garatu ditzaten.

Hau da, Udalak bitartekaritza lana egin du, jabeei euren lokalak alokatzeko laguntza eskainiz eta ekintzaileei negozioak zabaltzeko edo bertara mugitzeko aukera eta laguntza ekonomikoa emanez. Hau guztia lortzeko eta negozioak bertara eramateko interesa pizteko, Bermeoko Udalak 36.000 euro bideratu ditu diru-laguntzetan. Laguntza hauek ekintzaileei eman zaizkie eta alokairuaren parte bat ordaintzera bideratu behar dituzte.

Zabaldu diren negozioak honakoak dira:

1)       Doniene kalea, 2. Erretxinazko piezen artisau-ekoizpena eta eskuz egindako piezen salmenta.

2)       Arostegi kalea, 24. Terapia naturalak

3)       Bidebarrieta kalea, 9. Zen meditazio-saioetarako eta gorputz-terapiarako zentroa.

4)       Intxausti kalea, 3. Eskulanen lokala. Altzarien dekorazioa eta zaharberritzea.

5)       Nardiz kalea, 30. Poke izeneko plater hawaiiarrak bertako hegaluze eta antxoarekin eginda.

“Gure ardatz estrategikoetako bat da jarduera ekonomikoa sustatzea. Zentzu horretan, gobernu taldearen helburuen artean daude Alde Zaharra dinamizatzea eta ekintzailetza bultzatzea. Uste dugu programa honek, alde batetik, gure ekintzaileei euren proiektuak egia bihurtzeko aukera ematen dietela, eta beste alde batetik, urte luzez merkataritzako gune garrantzitsua izan den Alde Zaharrari berriro ere, pixkanaka indarra eta bizitza ematen lagunduko diola. 2022an ere programarekin jarraituko dugu eta espero dugu lokal berriak atxikitzea eta gure Alde Zaharra ekintzaileentzat gune erakargarri bilakatzea”, esan du Abaroak.

“Herritarrak, bai lokal jabeak zein ekintzaileak, Lokalbiden izena ematera animatu nahi ditugu. Aukera oso ona da alokatu gabeko lokalak berriz ere martxan jartzeko eta ekintzaileek euren negozioak zabaltzeko”, adierazi du Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotzi Kepa Zumetak.

Gaur gaurkoz, bost lokal gehiago daude ekintzaileak noiz sartu zain. Hau da, guztira, programaren lehen urtean, 10 lokaletako jabeek eman dute izena (5, dagoeneko, bete dira).

21 / 01 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0