Albisteak

Albistea

Abenduaren 1etik 15era Bermeoko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa martxan, 73 establezimendu parte-hartzaileekin

Herritarrek erakusleiho ederrenak aukeratzeko eta, bide batez, denda parte-hartzaileetan 500 euro gastatzeko zozketan parte hartzeko aukera izango dute

 

                          

Bermeoko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa abenduaren 1etik 15era izango da eta, epe horretan, herritarrek euren botoekin erakusleiho ederrenak aukeratzeko eta, bide batez, parte hartzen duten 73 establezimenduetan 500 euro gastatzeko zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, liburuxka batzuk banatuko dira,  horietan establezimendu parte hartzaile guztiak agertuko dira, eta 20 erakusleiho ikusi eta horien merkatarien zigilua lortu ondoren, herritarrek gustukoena bozkatu ahal izango du.  

Liburuxkan establezimenduak hiru zonaldetan kolore ezberdinekin banatzen dira eta herritarrek zona bakoitzean gutxienezko erakusleiho kopuru bat ikusi eta bozkatuko dute. Datu horiek guztiak liburuxkan bertan zehaztuko dira eta liburuxkak 73 establezimenduetan zein bozketa guneetan lor daitezke.

Bozkatzea abenduaren 1etik 15era izango da Bermeoko Kultur etxean, Turismo bulegoan, eta Berhaz zein Behargintzaren bulegoetan. Bozketan parte hartzen duten pertsonek 500 euroko saria irabazteko aukera izango dute lehiaketan parte hartu duten dendetan gastatzeko. Zozketa abenduaren 17an egingo da, Gabon bezperatan.

Bermeoko Udalak, Bertonen laguntzarekin, lehenengo aldiz, Gabonetako erakusleihoen lehiaketa antolatu du; izan ere, Udalaren helburua da Bermeoko erakusleihoen apainketa bultzatzea, herriko kontsumoa suspertzeko, azpimarratu du Irune Ormaetxeak, Bermeoko Merkataritza eta Turismo zinegotziak.

Gabonetako erakusleihoen lehiaketaren erakusketa abenduaren 1etik 15era izango da eta establezimenduen parte-hartzaileen kasuan bi sari emango dira, batetik, herritarrek erakusleiho onenari emandako saria, 250 eurokoa, hain zuzen ere; eta, bestetik, epaimahaiak erakusleiho onenari emandako saria, 250 eurokoa ere bai.

Epaimahaiari dagokionez, Bermeoko Udaleko eta hainbat kultur elkarteetako kideek osatuko dute eta establezimenduen erakusleihoak hainbat ezaugarri kontuan hartuta baloratuko dituzte: irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena, sormena, kalitatea, iluminazioa eta modernidadea eta berrikuntza.

Irune Ormaetxeak “herritarrek euren botoekin lehiaketa honetan parte hartzera animatu ditu, erakusleiho ederrak eta gure denden kalitatezko eskaintza ikusteaz gain, establezimendu parte-hartzaileetan 500 euro gastatzeko zozketa batean parte hartzeko aukera izango dutelako”. “Animatu eta parte hartu!”, deia egin du.

“Erakusleihoen lehiaketa, Bermeoko bonoa eta beste ekimen batzuk bezala, herriko merkataritza sustatzeko beste pauso bat da, guretzat tokiko komertzioa apustu garrantzitsua delako; izan ere, herriko merkataritzak herrian dituen onurak asko dira, herri bizia, garapena eta enpleguak sortzen dituelako, besteak beste. Erosi Bermeon!”, nabarmendu du Ormaetxeak.

 

29 / 11 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0