Albisteak

Albistea

Sare Sozialen erabilera egokiari buruzko tailerrak eskainiko dira Busturialdeko institutuetan

Bermeon, 2020ko azaroaren 27an.-Busturialdean dauden hiru institutuetako DBH1eko ikasleei zuzenduta (220 ikasle inguru), Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) eta, batez ere, sare sozialak modu egokian erabiltzeko hamabi tailer (2019an baino 5 gehiago, COVID-19a dela eta tailerrak gelaz gela egingo direlako, gelak elkartu gabe) antolatu dituzte eskualdeko gazteria zerbitzuek Bizkaiko Foru Aldundiko ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuaren barnean; izan ere, gaur egungo gizartean eta, bereziki nerabezaroan, informazio eta komunikazio teknologiek garrantzia handia hartu dute formazioan, hezkuntzan eta bere berdinekin harremanak izaterako orduan.

Bermeoko Ignacio Arozena institutuan lau tailer emango dira. Horietan 80 gaztek parte hartuko dute eta abenduaren 1ean eta 4an izango dira. Bi orduko tailerrak izango dira eta Jon Gomez Garaik eskainiko ditu, azken urteetan bezala.

Gernikako BHIn sei tailer emango dira. Horiek ere abenduan izango dira, hilaren 9a eta 11a bitartean, hain zuzen. 111 ikaslek parte hartuko dute. Barrutialde Institutuko tailer biak, berriz, pasa den azaroaren 4an burutu ziren. Horietan 30 ikasle inguruk parte hartu zuten.

Tailer horien helburuak honakoak dira: sare sozial eta horien ezaugarri eta ondorioei (positibo zein negatibo) buruzko hausnarketa egiteko eremua ezartzea eta sare sozialen erabilera egokirako baliabidez hornitzea.

Tailerrak DBH1eko ikasleei (12 urte) bideratzea planteatzen da, adin horretako gazteen gehiengoak Whatsapp, Instagram, Youtube, Tik Tok eta bestelako sare sozialetarako sarbidea duelako eta askotan ezjakintasunez eta era guztietako arriskuak bere gain hartuz erabiltzen dituztelako.

27 / 11 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0