Albisteak

Albistea

Itsas munduaren lehena, oraina eta geroa erakutsi du eta helburuak bete ditu Bermeoko XXII. Arrain Azokak

LOG guneak eta jateko karpa berriak harrera oso ona izan dute eta elkartasun stand-ak 4.000 eurotik gora lortu ditu

“Itsas munduaren lehena, oraina eta geroa erakutsi dizkigu jai giro paregabean eta bere helburuak bete ditu Bermeoko XXII. Arrain Azokak”, adierazi du Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak. “Aurten gure erronka garrantzitsua izan da itsas munduaren lehena, oraina eta geroa erakustea eta hori ekimen ezberdin eta berritzaileen bidez lortu dugula uste dugu. Horrela aipagarria izan da Lehena Oraina Geroa gune berriak izandako harrera ona”, azpimarratu du.

Ildo horretan, esan duenez, “urtero bezala eguraldiak baldintzatu egin du zenbait ekimenen garapena, baina orokorrean balorazioa oso ona izan da” eta ekintza gehienak “oso arrakastatsuak” izan dira. 

Ekimen arrakastatsuenen artean, Rui Maehara sushimanak egindako Echebastarren sashimi kalitatezko atunaren aurkezpena aipatu du, “jende pila batu baitzuen eta guztiek sashimiaren aurkezpen eta dastaketarekin disfrutatu zuten”. “Ildo berean, itsasoko delicatessenen ‘show cooking’a ere aipagarria da pertsona asko bertaratu baitziren ikuskizun gastronomiko honekin gozatzera”, gaineratu du. 

Bestalde, azaldu duenez, Sotapatroi proiektuaren aurkezpenak ere “interes handia” piztu du bertaratu direnen artean eta, Aztik egindako arrainaren historia eta katari dagokionez, “jende nahikok parte hartu du, nahiz eta domekan lehenengo orduan aurreikusitako lehenengo saioa eguraldiagatik bertan behera gelditu den”. “Interesgarriak izan dira Apaidxoen tailerra, Añanako Gatz Haranaren eta Arrolan olio enpresaren aurkezpenak eta Arrantzaleen Museoan egindako hitzaldiak”. gaineratu du. 

Jateko karpa 

Bere esanetan, “arrakasta handia izan du baita ere aurten berrikuntza izan den jateko karpak, izan ere, bertan era ezberdinetako jatekoa ematen duten lau stand kokatu dira, horietariko bat,  herriko 9 taldek antolatuta, elkartasun karpa”. 

“Asko izan dira elkartasun karpa horretara atun errea jatera hurbildu diren herritarrak eta bisitariak”, aipatu du. Izan ere, 4.000 eurotik gora lortu dira eta diru guztia garapenean arazoak dituzten 6 eta 12 urte bitarteko umeen estimulazioa bermatzeko proiektura zuzenduko da. Euskoboxek ere ekimen honetan lagundu du, izan ere, barikuan Bermeon egindako boxeo jaialdiaren sarreren portzentai bat karpa solidariora bideratu du.

Ormaetxeak adierazi duenez, “urtero moduan oso arrakastatsuak izan dira ume eta gaztetxoei zuzendutako tailerrak ere. Bertan, besteak beste, arrainarekin plater gozoak prestatu dituzte eta arrantzaren munduarekin ondo pasatu dute”. “Aipatu behar da ere ume asko izan direla Portuan belaontzian nabigatu dutenak Galerna taldeak barikuan antolatutako ekimenean”, esan du. 

Arrain salmenta-itxurak, Mater itsasontziak, Bermeoko Arrantzaleen Museoak eta Aita Guriak 1.000 bisita inguru jaso dituzte. Ildo berean, azaldu du habaneren ekitaldia, “urtero bezala, oso jendetsua” izan dela eta “harrera oso ona” izan duela, eta batelen estropadak Arrain Azokan ere “giro oso polita” sortu duela. Era berean, Ormaetxearen esanetan, “talde kulturalek ere asko animatu zuten herria, giro paregabea sortuz Bermeon”.

“Orain, helburua da lan talde iraunkorra sortzea, arlo ezberdinetako ordezkariekin osatutakoa, hurrengo Arrain Azokaren antolakuntza prestatzeko eta Arrain Azoka berritzailea eta erakargarria aurkezteko”. Bermeoko Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak babesle, laguntzaile eta parte hartu izan duten boluntario eta elkarte guztiei Arrain Azoka Elkartearen eskerrik beroena eman die. 

‘Geuk eus’

Bestalde, Ormaetxeak gogoratu duenez, euskara ere presente egon da Bermeoko Arrain Azokan, ‘Geuk eus’ kanpainaren  bidez, eta  balorazioa “oso positiboaizan da,helburuak bete direlako”. Bermeoko alkateak gogoratu duenez, “euskaraz egiteko arrazoiak azalduz, 100 bideo grabatzea eta 300 argazki ateratzea zen helburua, eta 163 bideo grabatu eta 400 argazki atera dira”. 

“Adin guztietako herritarrak, familiak, gazteak, jubilatuak… animatu dira eta euskaraz egiteko dituzten arrazoiak azaldu dizkigute”, esan du. “Horrez gain, katalan batzuk eta irlandar batek ere euren hizkuntzetan bizitzearen garrantzia azaldu dute”, gaineratu du. 

Euskara Aholku Batzordekideen laguntza paregabea eta karpan egon den lan taldearen lan bikaina eskertu ditu Ormaetxeak. Laster, argazki eta bideo guzti horiek www.bermeo-euskaraz.eus web gunean ikusi ahal izango dira. 

Ingurumena

Ingurumena zaintzea ere helburu izan da Bermeoko Arrain Azokan eta horretarako bigarren urtez kanpaina berezi bat jarri da martxan azoka inguruko tabernetako beirazko botilak aparteko zerbitzu baten bitartez biltzeko. 43 tabernek hartu dute, iaz baino bi gehiago.

10 kubo barri banatu dira, 6 normalak eta 4 txikiak eta guztira 24.181 kilo beira batu dira hiru egunetan, iaz baino %29,4a gehiago (5.491 kilo gehiago), iaz 18.700 kilo beira batu baitziren. Beraz balorazioa oso positiboa izan da. Arrain Azokaren gunean Kartoia batzeko ere kanpaina berezia martxan jarri da eta 350 kg batu dira. 

27 / 05 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0