Albistea
Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an da, eta egun horren bueltan, ohitura den legez, jaioberri bermeotarrek eta euren familiek goiz pasa polita egingo dute eurentzat prestaturiko jaian. Hitzordua jarrita dago, azaroaren 26an, domekan, 12:00etan, Kafe Antzokian.
Iaz jaiotako 153 bermeotar txikitxoek euren bertsoak batzen dituen liburua hartuko dute Bermeoko alkatearen, Idurre Bidegurenen, eta Euskara zinegotziaren, Juan Karlos Agirreren, eskutik, eta Patxin eta Potxin pailazoekin barre eta txalo ugari egiteko aukera izango dute.
Euskara zinegotziak gogoratu duenez, 2002 urteaz geroztik, Bermeon jaio diren ume guztiei bertso-papera egiten zaie. Oraingoan, 2016an jaio diren 153 umeek eta euren familiek, bertsolariek bereziki egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere izango dute. Liburuan jasotzen dira ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia. Bertsoaren azpian, bertsolarien izena aitatzen da, eta bertsoa kantatzeko doinua ere.
“Patxin eta Potxinen pailazoen ikuskizunaren ostean, liburua banatzeko ordua izango da, eta alkatea eta ni neu han izango gara hurreratzen diren gurasoei liburua emateko. Amaitzeko, denok batera urteko argazkia aterako dugu”, azaldu du Agirrek. “2016ko umeak eta familiak gonbidatuta daude jai berezi honetara. Ez hutsik egin!”, nabarmendu du.
010 (94 617 91 00)