Albistea
Euskarazko abizenak euskal grafiarekin idazteko ‘Guk abizena, zuk?’ sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du Bermeoko Udaleko Euskara Sailak. “Era oso erraz batean herritarrek euskal abizena modu ofizialean euskaraz idatzita izan ahal dute eta hori egitera animatzen ditugu”, adierazi dute Josu Unanuek, alkateordeak eta Euskara Saileko zinegotziak, eta Maite Alvarezek, Euskara teknikariak.
Unanuek eta Alvarezek gaur egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute kanpaina hau eta bertan euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita izateko eman beharreko hiru pausuak azaldu dituzte. Horrela, adierazi dutenez, interesa duen pertsona “lehenik eta behin erregistro zibilera edo bake epaitegira joan behar da eta abizena euskal grafiaz ipini nahi duela esan eta bertan emango dioten eskaera orria beteko du bere datuekin”.
Ildo berean, agiri hauek eraman behar dira: nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman behar du); hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatzen da); errolda agiria (Udaletxean eskatzen da eta, adinez nagusia ez bada gurasoena beharko du); familia liburuaren fotokopia (familia edo seme-alabak baditu); eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia, 16 urtetik gorakoak badira.
Beraz, oso prozesu erraza dela adierazi dute Alvarezek eta Unanuek. Alkateordearen esanetan, kanpaina honen helburua da euskarazko izenak euskal grafiarekin idaztea sustatzea.
2014an 48 espediente
Alvarezek ‘Guk abizena, zuk?’ kanpaina 2010. urtetik aurrera egiten dela gogoratu du eta “eraginkorra” izan zela ere. Izan ere, aipatu duenez, pasa den urtean 48 espediente tramitatu ziren euskaraz. eta urtez urte, kopurua handituz doa.
Kanpaina honen bidez, euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita izateko eman beharreko hiru pausuak jasotzen dituen esku-orria banatuko da hainbat udal zerbitzutan, hala nola, Berhazen, Behargintzan, Udal liburutegian, Kultura eta Gizarte etxean eta kiroldegian. Bake epaitegian ere informazioa ematen dute.
Hortaz, Unanuek eta Alvarezek euskarazko abizenak dituzten herritarrei euskal grafiarekin idazteko pausua ematen dezaten dei egin gura diete, “garrantzitsua da eta gure hizkuntzaren grafiaren arabera abizenak idatzita izatea”.
Beste alde batetik, epaitegietan egiten diren beste tramite batzuk ere euskaraz egin daitezkeela azpimarratu dute. Hala, bada, epaitegian erregistratzen diren jaiotza, ezkontza eta heriotza-inskripzioak, euskara erabiltzeko aukera badago. Hortaz, herritarrak inskripzio horietan euskara erabiltzera gonbidatu dituzte.
010 (94 617 91 00)