Albisteak

Albistea

Gaztelugatxeko plangintzaz aritzeko, Bermeoko Udalak herritarrak batzar batera deitu ditu apirilaren 18an

Bermeoko Udala Gaztelugatxera sartzeagatik kobratzearen kontra agertu da, baina aforoa kontrolatu beharreko neurriak hartu behar direla dio

 

 

Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azaldu duenez, Bermeoko Udalak apirilaren 18an, eguaztenean, Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etan herritarrekin batzar bat egingo du Gaztelugatxeren inguruan aurkeztutako plangintzaren nondik norakoak aztertzeko. Herritarrek euren zalantzak, iritziak eta ekarpenak egiteko aukera izango dute.

 

Bidegurenek Bermeoko Gaztelugatxen prentsaurrekoa eskaini du Irune Ormaetxea, Bermeoko Turismo zinegotzia, eta Bego Gangoiti, Bermeoko Turismo teknikariarekin batera.

 

Bertan, azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak atzo aurkeztutako plangintza albiste “ona” da, izan ere, Bermeoko Udalak urte askotan eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari Bermeoko Gaztelugatxeren inguruan plangintza integrala egiteko eta Gaztelugatxe hobetzeko hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean Bermeok; gero eta turismo gehiago erakartzen duen gunea da eta ezinbestekoa da babestea eta bere ahuleziak zuzentzea.

 

Dena den, Bizkaiko Foru Aldundiaren “formak” kritikatu ditu Bermeoko alkateak, “Bermeoko Udalak lan handia egin baitu Bizkaiko Foru Aldundiak plangintza hori egiteko eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bermeoko Udalari eta inplikatuta dauden beste agenteei azaldu aurretik, komunikabideei aurkeztu die”. “Uste dugu gauzak beste era batera egin ahal direla, Bermeoko Udalak beti elkarlanaren aldeko apustua egin baitu”, adierazi du.

 

Ildo horretan, azaldu duenez, 2014an, Bermeoko udalak eskatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak plangintza integral bat landu zuen, baina horrek ez zuen aurrera egin. “Ordutik aurrera elkarlanean jarraitu dugu  eta asko izan dira Bermeoko Udalak mahai gainean jarri dituen proposamenak: oinezkoen bidea Bermeotik Gaztelugatxeraino, Gaztelugatxerako sarbideak oinezkoentzat hobetzea, aparkaleku disuasorioak jartzea Bermeon, garraio publikoa indartzea, bainu publikoak, batzorde bat eratu inplikatuta gauden erakunde eta agente guztien artean…”, azaldu du.

 

“Espero dugu guk egindako lan eta ekarpen guztiak Foru Aldundiak aurkeztutako plangintzan jasota egotea , horrela ez bada, Bermeoko Udalak, herritarrekin batera, turismo enpresekin eta San Juaneko boluntarioekin batera  ekarpenak eta zuzenketak landuko ditu eta Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztuko ditugu”, nabarmendu du.

 

Herritarrak eta turismoarekin lotutako enpresak

 

Horretarako, “plangintza zehaztasunez” aztertuko dugu, eta, ondoren, apirilaren 18an herritarrei aurkeztu eta eurekin batera eztabaidatuko dugu. Herritarrek bertan euren zalantzak, iritziak eta ekarpenak egiteko aukera izango dute eta horiek kontuan hartuta plangintzaren zuzenketak eta ekarpenak prestatuko ditugu. “Plangintza horretan herritarren ekarpenak ere islatuta ikusi nahi ditugulako; izan ere, Gaztelugatxe oso garrantzitsua da bermeotarrontzat”.

 

Horrez gain, Bermeoko alkateak gogoratu duenez, Bermeoko hainbat enpresa turismoaren garapen jasangarriaren alde daude lanean, eta Gaztelugatxe euren oinarri garrantzitsu bat da. Hori dela eta, enpresa horiek ere batzar honetara etortzea eta euren ekarpenak egitea ezinbestekoa dela uste du.

 

San Juaneko boluntarioen taldea

 

Bestalde, Bidegurenek adierazi duenez, San Juaneko boluntarioen batzordearekin bilera bat izango dute, eurekin elkarlanean ere plangintza aztertzeko eta guztiok batera eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko. Talde horrek 40 urte inguru darama Gaztelugatxe inguruaz arduratzen eta zaintzen.

 

Ildo honetan, adierazi duenez, batetik, “garrantzitsua” da plangintza horrek Gaztelugatxeko “inguru naturala babestea, izan ere, bere balioa izugarria da”; baina, bestetik, “ezinbestekoa da baita Gaztelugatxeren identitatea babestea eta balioan jartzea ere, “Gaztelugatxe Bermeoren altxorra baita, eta bere lotura bermeotarron historia, tradizio, eta izateko erarekin azpimarratu behar da”.  “Hori da, zalantza barik, duen xarma garrantzitsuenetarikoa gure Bermeoko Gaztelugatxek eta hori babesteko ahalegin bereziak egingo ditugu”, nabarmendu du alkateak.

 

Sarreraren kontrola

 

Bestalde, Gaztelugatxera joateko sarrera ordaindu behar den ala ez neurri polemikoari buruz, Bideguren argia izan da: “Gaztelugatxera joateagatik ez da kobra behar, ezin da inguru natural batera joateagatik kobratu”. “Beste gauza bat da gainerako zerbitzuren bat eskaintzea eta horregatik kobratzea, baina Gaztelugatxera joateagatik ezin da kobra”, azpimarratu du.

 

Dena den, bere ustez, batez ere egun eta momentu puntual batzuetan  “aforoa kontrolatu beharra dago”; izan ere, jende asko joaten da eta “bai ingurua zaintzeko, bai bisitariak inguruaz gozatu ahal izateko aforoa kontrolatzea eta masifikazioak saihestea beharrezkoa da”.

 

Guzti honi eta Gaztelugatxeri buruzko beste gai askori buruz informatzeko eta iritzia emateko aukera izango dute herritarrek apirilaren 18an Nestor Basterretxea aretoan egingo den batzarrean. Alkateak herritar guztiak gonbidatu ditu batzar horretara.

 

 

22 / 03 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0