Albisteak

Albistea

Bermeoko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko (OLHUI) kanpoko tailerrean gertatutako sutea kontrolpean dago

 

Gaur, astelehenean, otsailaren 4an, 12:39an bueltan, sute bat sortu da Bermeoko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko (OLHUI) kanpo aldeko elektromekanika irakasteko tailerrean. Sutea kontrolpean dago, ikasle batek zauriak izan ditu, eta anbulantzian ospitalera eraman dute. 

Udaltzaingoa, Udaleko herri lanetako langileak eta udal teknikariak, Herri Babesa, Ertzaintza eta suhiltzaileak, Bermeoko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko (OLHUI) kanpo aldeko tailerrean lanean egon ondoren, sutea kontrolatua dago. Herri Babeseko kamioia eta hiru suhiltzaileen kamioi bertaratu dira. 

Ikastetxeko zuzendaritzak 12:39an abisua eman du eta, jarraian, protokoloa aktibatu da. Sutea sortu den momentuan bai Bermeoko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko eraikina zein alboan dagoen institutuko eraikina jendez hustu dira. Udaltzaingoa eta Herri Babesa sutea zegoen tokira joan dira, Zerbitzuetako langileekin batera. Ondoren, 20 minutu pasata, Bizkaiko suhiltzaileak heldu dira. 

Sutea sortu denean, tailerreko ikasle batek zauriak izan ditu eta anbulantzian ospitalera eraman dute. 

Sutea sortu den tailerrari dagokionez, orain udal teknikoek zein ikastetxeko zuzendaritzak eraikinaren egoera eta ikastaroetan erabiltzen den materialaren egoera aztertuko dute. Tailerra hondatuta dagoen arren, bihar Bermeoko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak normaltasunez funtzionatzen jarraituko du. 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, suteari aurre egiteko lanean egon diren guztiei eskerrak eman dizkie; izan ere, “emandako erantzuna azkarra izan da eta horri esker sutea gehiago ez zabaltzea lortu dute”. 

Ildo horretan, Herri Babesaren lanaren garrantzia nabarmendu du; “ezinbestekoa delako talde horren lana suari ahalik eta arinen aurre egiteko”. “Sute batean lehenengo minutuak oso garrantzitsuak dira suaren kontra egiteko eta, zorionez, Bermeoko Herri Babeseko boluntarioak izan ditugu suteari lehenengo momentutik aurre egiten”, gaineratu du. Herri Babesaz gain,  “gertaera larri hauek, berriz ere, Bermeorentzat suhiltzaile talde finko bat izatea ezinbestekoa dela adierazten dutela”, azpimarratu du. 

Azkenik, Ibarrolazak Bermeoko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko (OLHUI) langile eta ikasleei Udalaren elkartasuna adierazi die; izan ere, “urduritasun handiko momentuak bizi izan dituzte”. Era berean, zauritutako ikaslea ahalik eta arinen sendatzea espero duela gaineratu du.  

04 / 02 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0