Albistea
Domeka jai eguna izango da Demiku auzoan, izan ere, urtero modura, Kandelaria Eguna ospatuko dute. Bermeoko Udalak eta Demiku auzoko bizilagunek antolatuta, goiz polita pasatzeko aukera egongo da Demikun.
09:00etan hasita, euririk ez baldin bada, Demikutik hasi eta Katillotxurainoko irteera egingo dute.
Ondoren, 11:00etan, txupinazoagaz hasiko dute jai eguna, eta jarraian, 11:30ean hasiko dira umeentzako jolasak eta tailerrak. Josepa Kale Kale taldeak eroango du musika auzora 12:00etatik aurrera, eta 13:00etan, atsedenerako tartea hartuko dute, ordu horretan hasiko baita meza auzoko baselizan. Ohi legez, San Blas zintak eta kandelak salgai jarriko dituzte elizpean. Meza amaitu ostean jarraituko dute Josepa Kale Kalekoek euren ekitaldiarekin, luntxa girotzeko.
Ahiezko tostada txapelketa
Demiku auzoan ohikoa den tostada txapelketa ez da faltako, eta modalitate bakarra egongo da: ahiezkoa. Edozeinek parte hartu ahalko du, eta horretarako 13:45ean izena eman beharko da. Epaimahaia 14:00etan hasiko da tostadak dastatzen.
Parte hartzaileek 3 tostada aurkeztu beharko dituzte, kartoizko plater batean eta Demikuko auzotarra den ala ez zehaztu beharko du. Izan ere, hiru sari nagusiez gain (60, 40 eta 20 euroko otzarak), Demikuko auzotar batentzako sari berezia egongo da (40 euroko otzara). Parte hartzaileek kontuan eduki behar dute hurrengo osagaiak bakarrik onartuko direla: gurina, olioa, irina, azukrea, esnea, arraultzak, kanela eta laranja edo limoi azalak. Epaimahaiak honakoak izango ditu kontuan: tostaden itxura eta zaporea eta tostadak egiterakoan, osagaien erabilera egokia. Tostada txapelketako oinarriak Bermeoko Udalaren webgunean daude ikusgai.
Bermeoko Udalak Demikuko bizilagunei jai zoriontsuak opa dizkie, eta herritar guztiak gonbidatu ditu jaietan parte hartzera. Horrez gain, Demikura oinez igotzeko eskaera egiten da, inguruan kotxeak aparkatzeko leku gutxi dagoelako.
010 (94 617 91 00)