Albistea
-1.000 herritarrek baino gehiagok berretsi dute parte hartzea, udalean 28 arigune daude, eta udalerri mailan 147 arigune, 64 entitatetan banatuta
Bermeon, 2022ko azaroaren 18an.- Bermeoko Udalak oraingoan ere bat egin du Euskaraldiarekin. Abestiak dioen moduan, helburua argia da: martxan ipini aho eta belarri, Euskaraldian eta beti…, aurrera egiteko bide bakarra egitea da; hitzez edo berbaz ekiteko garaia!
Horretarako, udalak herritarrei eta entitateei deia luzatu die helburua lortzeko guztion inplikazioa behar delako. 1.000 herritarrek baino gehiagok berretsi dute parte hartzea, udalean 28 arigune daude, eta udalerri mailan 147 arigune, 64 entitatetan banatuta. Beraz, badago lehengaia udala, herriko entitateak, zein kalea euskaraz betetzeko.
Udalari dagokionez, ariguneek, bai udal barruan, zein herritarren eta udalaren arteko harremanetan, euskararen erabilera indartzea dute helburu. Udal barruan euskararen erabilera maila formalean handia da, baina arigune horiek euskararen presentzia batez ere maila ez formalean areagotzea bilatzen dute; eta herriari begira, herritarrekiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematen jarraitzea da ideia. Aurtengo Euskaraldian, aurrekoetan bezala, hizkuntza ohiturak aldatzea bilatzen da.
Bermeoko Udalak ibilbide luzea egin du euskararen normalizazioan, baina, hala ere, aurrera begirako erronkak badira. Horretarako, besteak beste, Euskaraldiarekin baliatuko da, pixkanaka, euskararen normalizazioan pausuak ematen jarraitzeko. Keinu txikiek berebiziko garrantzia dute zentzu honetan. Lehenbiziko berba euskaraz egiteak, adibidez, gauza asko aldatu ditzake, batez ere, norbanakoaren hizkuntza ohituretan. Hori adierazi nahi dute Bermeoko arduradun politiko eta udal langileek Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko argazkiaren bidez.
Norbere buruarengan eta talde mailan erronka zehatzak hartzeko momentua da, hizkuntza ohiturak aldatze aldera, nork bere testuingurura egokitutako urratsen bidez lortuko baitira emaitza sozialak. Izan ere, parte hartzea indibiduala izan arren, ariketa ahalik eta kolektiboena izatea da helburua. Beraz, udalak herritar guztiei dei egiten die Ahobizi eta Belarriprest txapak jarri eta euskara kalean, lanean, zein leku guztietan egiteko.
Euskara erdigunera ekarri nahi da egun hauetan, autoestimua eta irudi kolektiboa sendotzeko, eta, aldi berean, Bermeoren identitatearen elementu garrantzitsuenetakoa, euskara, indartzeko. Euskaraldia, beraz, udal mailan, entitate mailan, zein bakoitzaren ingurune hurbilean (familian, lagunartean, lankideekin...), eta bai testuinguru sozial arruntean (dendetan, erakundeetan...) baldintza egokiagoak sortzeko aukera paregabea da, urratsak ematen jarraitzeko.
010 (94 617 91 00)