Albisteak

Albistea

María Bidetxea eta Lore Barrena gazteen bertsoak izan dira XI. Bertsopaper lehiaketaren irabazleak

Maria Bidetxea eta Lore Barrena gazteen bertsoak izan dira Bermeoko Udalak herriko ikastetxeekin batera antolatu duen XI. Bertsopaper lehiaketaren irabazleak. Sariak gaur jaso dituzte Nestor Basterretxea aretoan egindako ekitaldi hunkigarrian. Izan ere, bertso saioa polita egin da, alde batetik, Jone Larrinaga eta Inazio Vidal bertsolariek bertsoak kantatu dizkietelako parte hartzaile eta irabazleei, eta bestetik, Lore Barrenak irabazleak bere bertsoa kantatu duelako lagunen aurrean. 

Irabazleez gain lehenengo mailan Oier Lavín, Danel Goikoetxea, Almike Alonso, Naroa Ontibero eta Naroa Jimenez gaztetxoek aipamena jaso dute eta bigarren mailan Marta Martinezek eta Nagore Fernandezek.  

Lehiaketa honen bitartez, gaztetxoen artean bertsozaletasuna sustatu gura da, eta gazteei euskal kultura sortzeko bidea egiteko leku bat eskaini. 

Lehiaketa honetan 11 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartzen dute eta lehiatzeak baino, parte hartzeak dauka garrantzia. Partaidetzari dagokionez, aurten lehen mailan, 11 eta 14 urte bitartekoan, 140 lagunek aurkeztu dute bertsoa. Bigarren mailan, 15 eta 18 urte bitartekoan, 6 lagunek aurkeztu dituzte bertsoak. Urtero izaten da partaidetza handiagoa lehen mailan bigarrenean baino. 

Epaimahaian, Lilibertso bertsolari taldea aritu da, eta eurena izan da bertsorik onenak aukeratzeko lana. Maila bakoitzean irabazle bana izendatu dira.  Horrela, lehenengo mailan ‘Otzakiltzu’ ezizenarekin Maria Bidetxeak aurkeztu dituen ‘Oporrak’ izeneko bertsoek izan dira sarituak. Epaimahaiak adierazi duenez, 3 bertsotan, gabonetako oporrak, udakoak eta aste santukoak kontatzen ditu. Orokorrean barik, bere esperientzia zehatza kontatzen du. Detaile zehatzak eta politak. Errima zehatz errespetatzen du, neurria ere egoki neurtua. 

2.mailako saritua, ‘Oroitzapenak’ ezizenez, bertsoak aurkeztu dituen Lore Barrena izan da. Epaimahaiak azaldu duenez, Gelako argazki/koadro bati buruz ari da, baina azken bertsorarte ez du argi esaten. Argazki honek sortzen dizkion sentimenduak eta oroitzapenak deskribatzen ditu poliki-poliki. Errima aldetik, lehen hiru bertsotan oso ondo. Azken bertsoan maila piska bat jaisten du, baina errimatuta dago. Ondo neurtua.

Josu Unanue Bermeoko alkateordeak eta Euskara zinegotziak eta Maite Alvarez Bermeoko Udaleko Euskara teknikariak lehiaketan parte hartu duten gaztetxoei eskerrak eman dizkie eta bertsoekin gozatzen eta jolasten jarraitu dezatela opa die. Horrez gain, ekimen honetan parte hartu duten ikastetxe eta irakasleei ere eskerrak eman dizkie Unanuek eta Alvarezek.

 

 

25 / 03 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0