Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala udal zerbitzuei buruzko erabiltzaileen iritziak jasotzen hasi da

  • Martxoaren 4ra bitartean bete ahalko dira inkestak.

Azken urteetan egin modura, aurten ere, Bermeoko Udala udal zerbitzu desberdinei buruz erabiltzaileek dituzten iritziak eta balorazioak batzen hasi da.

Bermeoko Udalarentzat “oso garrantzitsua” izan da azken urteetan egin den lanketa, hobetu beharrekoen ekintza plana garatzeko balio izan diolako. Izan ere, herritarren asebetetze mailak eragin zuzena dauka, zerbitzuak ematerako orduan zein urteko helburuak finkatzerako orduan.

Herritarrei ahotsa ematearena, udal zerbitzu kartekin erlazionatuta dago, eta etengabe hobetzen joateko “behar-beharrezkoa” dela adierazi dute Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Herritarren Arreta sailetik. Interesa daukaten herritarrek Bermeoko Udalaren webgunean aurkitu dezakete aurreko urteetako informazioa, datuekin eta hobekuntza planarekin batera: __Bermeoko Udala__ Udalaren zerbitzu Kartak

Inkestak bete gura dituzten herritarrek martxoaren 4ra bitartean egin ahalko dute, eta honako zerbitzuei buruzkoak izango dira. Zerbitzu bakoitzak inkesta betetzeko bere modua dauka:

  • Kultur zerbitzuei buruz: Gizarte eta Kultura etxean eta Nestor Basterretxea aretoan dauden kutxetan. Gainera, kultur talde guztiei bidaliko zaie inkesta, formulario elektroniko bidez.
  • Udal Zaharren Egoitzako zerbitzuak: Azken urtean egoitzan sartu diren egoiliarrei eta familiei eskatuko zaie inkesta betetzea. Beste inork bete gurako balu, ez luke arazorik edukiko, eta harreran eskatu dezake.
  • Etxez-etxeko zerbitzuak: Inkestak banatuko zaizkie erabiltzaileei.
  • Gazteriako zerbitzuak: Sare sozialetan zabaldu den formulario elektroniko bidez bete daiteke, sarean.
  • 010 zerbitzua: Deitzen duten herritarrei parte hartzeko aukera emango zaie, telefonoz galdetegia eginda.
  • Berhaz bulegoko arreta zuzeneko zerbitzua: Bulegoan bertan jarri den kutxaren bidez.
  • Arreta telematikoa: Egoitza elektronikoan bete daiteke, Bermeoko Udalaren webgunean jarri den banerretik sartuta.

Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Herritarren Arreta sailetik adierazi dutenez, Bermeoko Udalaren zerbitzuak hobetu ahal izateko, “oso garrantzitsua” da ahalik eta herritar gehiengana iristea. Modu horretara, udal arduradunek herritarrak animatzen dituzte inkestak betetzera, “arin eta erraz betetzekoak baitira”.

25 / 02 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0