Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Alde Zaharreko kaleak berritzeko lanak hasiko ditu

Bermeon, 2022ko abenduaren 14an.- Bermeoko Alde Zaharrean hainbat lan egingo dira datozen hilabeteotan. Izan ere, Nekazari eta Intxausti kaleetan berrikuntzak egingo dira irisgarritasuna hobetzeko, kaleen itxura berrizteko, gunearen garbiketa lanak errazteko eta, honenbestez, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.

“Bermeoko Alde Zaharrean berrikuntza lan ugari egiten ari da Udala. Alde batetik, Nardiz tar Jon kaleko orube huts bat erabilera publikorako berreskuratuko dugu eta lan horiek, dagoeneko, martxan daude. Bestetik, Intxausti eta Nekazari kaleetan irisgarritasuna nabarmen hobetuko da gaur aurkezten ditugun lan hauei esker” adierazi du Aritz Abaroak, Bermeoko alkateak.

Bermeoko Udalaren helburua da Alde Zaharreko kaleak berritzen joatea eta horretarako datozen urteetan garatuko den inbertsioa plan bat landu du.  Nekazari eta Intxausti kaleetan egingo diren lanak plan horretan jasotako lehen urratsa izango dira. Lehen urrats hau bi fasetan egingo da aurten eta datorren urteen bitartean. Lehen fasean, Nekazari kaleko goiko aldea berrituko da  gaur eguneko lurzorua granitozko lurzoruagatik ordezkatuz eta kableak lurperatuz. Lan hauek datozen egunetan hasiko dira. Horren ostean, bigarren fasean, Nekazari kaleko bigarren zatiarekin jarraituko da eta Intxausti kale osoa berrituko da. Intxausti Kalearen kasuan kale guztian dagoen espaloia kentzea da helburua kalea maila berean uzteko. Lan hauek egikaritzeko, guztira, 284.129,48€ bideratuko ditu udalak, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko diru-laguntza jaso da.

 “Gure helburua da datozen urteetan gune honetako kaleak pixkanaka berrurbanizatzen joatea”, azpimarratu du Abaroak.

14 / 12 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0