Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak, bisita gidatuak ere jasoko dituen autobus zerbitzu turistikoa eskainiko du ordubetez behin, Gaztelugatxeko inguruan ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko

Proba pilotua aktibatuko du Aste Santuko jaiegunetan

Horrez gain, Bermeoko Udalak udaltzain laguntzaile bat kontratatuko du, Ertzaintzarekin koordinatuta ibilgailuen joan-etorriak hobetzeko eta inguru hartako aparkalekuak erregulatzeko, ibilgailuek ez dezaten seinaleztatutako guneetatik kanpo aparkatu 

Bermeon, 2020ko urtarrilaren 31n.- Bermeoko Udalak Gaztelugatxera joateko ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko eta turismoa kudeatzeko eredu arduratsua gauzatzeko helburua du. Horretarako, inguru horrek duen erakarpena baliatu gura duen proiektua garatu du, udalerria ekonomiaren ikuspegitik dinamizatzeko eta, aldi berean, biotopora joateko ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko. Hori lortzeko, proba pilotua jarriko du martxan, hau da, autobus bidezko bisita gidatu zerbitzua jarriko du bisitarien esku. Autobusek herritik biotopora joan eta abiapuntura itzuliko den ibilbidea egingo dute. Zerbitzua ordubetez behin abiatuko da. 

Bermeoko Udalak hilabeteak daramatza Aste Santuko jaiegunetan proba pilotu moduan aktibatuko den proiektu horretan lanean. Ingurunea errespetatuko duen eta turismo jasangarria lortzeko helburuan aurrera egingo duen sistema hori ezarri gura du Udalak, inguru horretan ibilgailu pribatuaren joan-etorriak murrizten lagunduz.

 Zerbitzuak bi abiapuntu izango ditu:

Alde batetik, Bermeoko Pergolako aparkalekua, beste helburu batzuez gain, Gaztelugatxe bisitatu gura duten pertsonek euren automobila bertan uzteko eraiki zen instalazioa; bertan, Urremendiren eta Urdaibaiko Patronatuaren lankidetzarekin, eta turismo jasangarrirako kartaren barruan, informazio puntu bat instalatuko da, eta interesatuei txartela saltzeaz gain (Internetez ere erosi ahal izango dira), Bermeori eta eskualdeari eta dauden baliabideei eta turismorako produktu interesgarriei (ostalaritza, bisitatu beharreko puntuak, programak…) buruzko informazioa ere emango da.

 Beste alde batetik, geraleku nagusia Pergolako aparkalekuaren inguruan dagoena izango den arren, Lameran bidaiariak jasotzeko beste puntu bat egongo da, udalerrira garraio publikoan (trenean edo autobusean) datozen bisitariei ere zerbitzua erabiltzea errazteko.

Ekimen hori martxan jartzea, Bermeo Gaztelugatxera sartzeko atea bilakatzeko beste pauso bat da eta, gainera, sarrera hori uhartetxoa kostaldeko udalerriarekin lotzen duten nortasunean eta tradizioan zentratuz egingo du. Horrela, zerbitzuak eskaintzen duen bisita gidatua, inguruko tradizioetan, ohituretan eta gertakari historikoetan zentratuko da. Bilatzen dena, turistek Gaztelugatxeko benetan denari buruzko irudi erreala eta egokia jasotzea da. San Joanen hiru pausoetan inspiratutako bisita gidatua izango da. 

Ekimenaren jatorria iazko udan martxan jarritako bisita gidatuen esperientzia arrakastatsuan dago, eta garraio zerbitzuarekin osatuko da. Garraio zerbitzuari esker, udalerritik biotopora dagoen sarrera irisgarriagoa izango da, ingurumena gehiago errespetatuko du eta ibilgailu pribatuaren erabilera murriztu egingo da. Programa pilotuak dauden aukera posible guztiak eskainiko dizkio bidaiariari: autobusa eta bisita gidatu zerbitzua kontratatzea, garraio zerbitzua bakarrik kontratatzea edo bisita gidatu zerbitzua bakarrik kontratatzea.

 Proba pilotua martxan jartzea, gainera, lagungarria izango da turistek Bermeo eta Bermeok eskaintzen duen guztia ezagutu dezaten. Helburua, automobila herrian bertan aparkatzean turismoak herriko ekonomia bultzatzea da. Autobus sistema horri esker, bisitariek Bermeo eta Urdaibai ezagutzea lortuko da, horrela euren bisita Bizkaiko kostaldeko alde horretara zabalduz, bertan turismorako dauden produktuez gozatu ahal dezaten, modu jasangarrian eta ingurumena errespetatuz.

 Laburbilduz, Bermeoko Udalak helburu hauek lortzeko egin du proiektu horren aldeko apustua: turismo jasangarria eta ingurumena errespetatuko duena lortzea, leku paregabe horren eta Bermeoko herriaren eta bertako tradizioen artean dagoen konexioa modu egokian transmititzea, eta turismoak herrian ahalik eta eragin positiboena izatea. 

Udaltzain laguntzailea:

Erabilera pribatuko ibilgailuek Gaztelugatxen eragiten dituzten arazoez jabetuta, Bermeoko Udalak udaltzain laguntzaile bat ere kontratatuko du. Bere egiteko nagusia ibilgailuen joan-etorriak hobetzea eta inguru hartako aparkalekuak erregulatzea izango da. Horretarako, une oro Ertzaintzarekin koordinatuta egongo da, bisitariek ez dezaten seinaleztatutako guneetatik kanpo aparkatu. Aldi berean, Bermeon dauden aparkalekuen eta garraiorako aukeren berri emango die bisitariei.  

Beste alde batetik, geraleku nagusia Pergolako aparkalekuaren inguruan dagoena izango den arren, Lameran bidaiariak jasotzeko beste puntu bat egongo da, udalerrira garraio publikoan (trenean edo autobusean) datozen bisitariei ere zerbitzua erabiltzea errazteko.

31 / 01 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0