Albisteak

Albistea

Lore lehiaketaren sari banaketa izan da gaur Bermeoko Goiko plazan

Bermeoko Udalak, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, lehenengo aldiz, lore lehiaketa antolatu du Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetan, eta gaur lehiaketa horren sari banaketa egin da Bermeoko Goiko Plazan.

Bertan egon dira Benito Ibarrolaza, Bermeoko alkateordea; Irune Ormaetxea, Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotzia; Santi Murua, Berualako zuzendaria, eta ‘Alde Zaharra bizirik’ Alde Zaharreko ostalarien elkarteko, ‘Haitz Nagusidxe’ Alde Zaharreko auzokideen elkarteko, ‘Berton’ Bermeoko txiki ertain enpresen elkarteko, eta Bermeoko loradendetako ordezkariak, izan ere, elkarlanean antolatutako ekintza izan da lore lehiaketa.

Lore lehiaketa honetan hiru maila egon dira: balkoiak, leihoak eta fatxadak. Horrela, fatxaden kategorian, Nardiz Tar Jon 14ko fatxadak jaso du saria, Bermeoko Udalak emandako 300 euroko saria eta etxebizitza bakoitzeko Aita Guria baleontzian aurten lagun bik gura duten besteetan sartzeko pase berezia, hain zuzen ere.

Balkoien kategorian, Erremedio 9, 2.a izan da irabazlea eta honek Berton elkarteak emandako 150 euro jaso ditu Berton elkarteko dendetan gastatzeko eta Aita Guria baleontzian 2016. urtean lagun bik gura duten besteetan sartzeko pase berezia ere bai.

Lehioen kasuan, leiho ederrenaren saria Talakoetxea 18, 2.rentzat izan da eta horrek “Alde Zaharra Bizirik” elkarteak emandako Alde Zaharreko tabernetan kontsumitzeko bono berezia eta Aita Guria baleontzian 2016. urtean lagun bik gura duten besteetan sartzeko pase berezia jaso ditu.

Guztira 20 parte hartzaile izan dira lore lehiaketa honetan eta guztien ahalegina txalotu dute antolatzaileek, izan ere, euren esanetan, “lore lehiaketa gure Alde Zaharra indartzeko eta edertzeko emandako pausu bat izan da eta parte hartzaile guztiek helburu hori lortzen lagundu dute”.

Horrela, parte hartzaile guztiei eskerrak eman dizkie lore lehiaketako antolatzaileek, izan ere, “gure Alde Zaharreko eraikinak loreekin betetzea, duda barik, Alde Zaharraren irudia asko edertzen du, lorekin dauden lekuak, leku biziak direlako, eta bizitasun hori adierazi dute lehiaketa honetan parte hartu duten guztiek”.

Azkenez, orokorrean lehiaketaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek eta hurrengo urtean ere antolatzeko prest agertu dira, ideia eta proposamen berriekin.

 

 

 

 

29 / 06 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0